Aurten Abesbatzen Nazioarteko Topaketen XXXIX. Edizioa egingo da. Kontzertu-sorta urriaren 19an hasi eta azaroaren 10era arte luzatuko da eta ostiral eta larunbat guztietan 20:30ean egongo da kontzertu bat ikusteko aukera.
Ohi bezala kontzertuak San Jorge elizan egingo dira eta sarrera doan izango da.
Lagun Zaharrak Koral Elkarteak (1974an sortua) antolatzen du urtero ekitaldi hau Serantes Kultur Aretoa Santurtziko Udalaren Autonomiadun Erakundearen babespean.
Edizio honetan, iazkoan bezala, organo kontzertu bi sartu dira, iaz San Jorge Elizako organoa oso-osorik konpondu baitzen eta haren balioa agerian utzi nahi baita. Organo-kontzertu batek emango dio hasiera edizioari, Pedro Guallar organo-joleak Celia Alcedo sopranoarekin batera emango duenak hain zuzen. Celia Alcedo santurtziarra da, Madrilen bizi den arren eta musikan ibilbide garrantzitsua izan du. Bigarren kontzertua 4 eskuz joko dute Daniela Mocoschek eta Pedro Guallarrek berak.
Aipatutako kontzertuez gain, ohi bezala, 6 kontzertu koral egongo dira, non guztira 7 taldek hartuko duten parte. Nabarmentzekoa da atzerritik hiru abesbatza etorriko direla, gurera aspaldi Tolosako Nazioarteko Lehiaketarekin izan den lankidetzari esker heldu direnak.
Hona hemen kontzertuen egitaraua:
Urriaren 19an: Organo kontzertua Pedro Guallar organo-jole eta Celia Alcedo soprano santurtziarraren eskutik.
Urriaren 20an: TUTERAKO JOAQUÍN GAZTANBIDE KORALA( Nafarroa 1955)
Urriaren 26an: ENTREVOCES ABESBATZA (Kuba) – Rolling Stones taldeak La Habanan eman zuten kontzertu gogoangarrian parte hartzera gonbidatuak.
Urriaren 27an: EASO ABESBATZA, Ahots baxuak (Gipuzkoa)
Azaroaren 2an: THE CONVIVIUM SINGERS (Erresuma Batua)
Azaroaren 3an: KINOKAI YOUTH CHOIR “KANAMI” (Japonia)
Azaroaren 9an: ORGANO KONTZERTUA 4 ESKUZ Pedro Guallar eta Daniela Mocoschen eskutik.