Gaur, ekainak 13, Santurtziko 2014ko Karmen Jaietarako Kartela aukeratzeko epaimahaiburu jaunak jakitera eman du zein izan den Kartelen Lehiaketaren irabazlea. Ekitaldia Casa Torre Jauregiko Higarillo Aretoan izan da, eta bertan lehiaketa honetara kartelak aurkeztu dituzten egile ugari batu dira.
22 lan aurkeztu dira eta jaiak iragarriko dituen kartelaren saria, 1000 eurokoa, Sestaoko Marco Souto Soutori eman zaio. Bere kartelaren protagonista mundu osoko sardinarik famatuena da, Santurtzikoa jakina, papiroflexia teknika erabiliz egina eta oso koloretsua.
Accesit sariak, 200na eurokoak, Asier Martínez de la Pera Gómezek eta Jorge Pérez Gómezek egindako karteletarako izan dira. Lehenengoan neskato poxpolin bat azaltzen da Mentxu, gure kaioa, harrapatu nahian, umeek bakarrik egiten dakiten moduan. Bestean, berriz, Karmengo Jaietako abioneta dago bertan Mentxu datorrela beste bi festazalerekin. Sardinak ere bertan daude euren zain, jaietako zapia lepoan.
Bestetik, Itsas Prozesioan parte hartze handiagoa egon dadin, azken urteotan Santurtziko herritarren artean, Serantes Kultur Aretoak kontratatzen dituen ontzietan joateko txartelak zozketatzen dira, eta gainera, herritarren ontzi partikularrei Prozesioaren itsas segizioan parte hartzeko laguntza ematen zaie.
Txartela jaso ahal izateko, Casa Torre Jauregiko atarian papeleta batzuk daude. Horiek bete, eta horretarako den kutxa batean sartu behar dira. Ordutegia honakoa da: 9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:20ra. Epea uztailaren 3an amaituko da.
Herritar guzti-guztiek aukera izan dezaten, iazko zozketan txartela lortu zutenak aurtengo zozketatik kanpo geratuko dira
Zozketa uztailaren 4an egingo da 12:00etan Casa Torre Jauregiko Higarillo Aretoan eta uztailaren 8an, 12:00etatik aurrera, txartela jasoko dutenen zerrenda argitaratuko da, bai Serantes Kultur Aretoko webgunearen iragarki taulan (wwww.serantes.com) eta bai Casa Torre Jauregiko atezaintzan.
Santurtziko Karmengo Amaren Prozesioa ekitaldi berezia da santurtziarrontzat. Izan ere, ehun urte baino gehiago dira uztailaren 16an Karmengo Amaren irudia ontzi batean itsasoratu egiten dela, hildako arrantzaleen omenez lore eskaintza egiteko.