Pazko astelehenean, apirilak 2, Santurtziko mendian Kornites eguneko jaia ospatuko da, Santurtziko Udaleko “Serantes Kultur Aretoa” Kultura Erakundeak urtero antolatzen duen festa-erromeria tradizionala.
Egitaraua eguerdiko 12etan hasiko da, ordu horretan haur-parkea eta herri-jolasak hasiko dira aldean 14:30ak arte, eta arratsaldean 16:30etik 18:30era berdin arituko gara ume guztien gozamenerako.
16:00etatik 18:00etara erromeria izango dugu eta Basajaun taldeak dantzan jarriko ditu mendizale guztiak.
Korniteseko erromeria aspaldi-aspalditik ospatzen da eta izena “kornite” opilarekin dago lotuta. Kornitea egun horretan mendian jaten zen opilari deitzen zitzaion, zeinek barruan ogiarekin batera egositako txorizoa edo arrautza edo biak izaten zituen. Asko dira erromeria honen jatorria azaltzen duten elezaharrak, baina ez dago horiek baieztatzeko inongo dokumentaziorik. Horrela bada, jaiaren jatorria herritar zaharrenen oroimenean dago gordeta, eta eurei galdetuta, Kornites eguneko erromeria Santurtzin betidanik ezagutu dutela erantzungo dizute.
Antzina, egun hori jai ez zenean, Santurtziko umeak bakarrik edo amak lagunduta igo ohi ziren Serantesera, arratsaldea jolasean, dantzan eta kornite xelebrea jaten emateko. Gaur egun kornite opila herriko okindegi batzuetan egoten da salgai, eta batzuetan mendian bertan eros daiteke.
Deigarria da Ezkerraldea hain gune urbanoa izanda, landa-inguruko tradizio honi eustea. Gainera, santurtziarrak ez ezik, Ezkerralde eta Meatzaldeko herritarrak ere igotzen dira egun horretan Serantesera erromerian parte hartzera.
Pazko astelehena Aste Santuko jai-eguna da eta gaur egun garai horretan asko herritik kanpo egoten diren arren, hamaika dira Serantesera igotzen diren herritarrak, batzuk oinez, beste batzuk bizikletaz eta badira zaldiz igotzen direnak ere. Izan ere,Seranteserako igoera publiko ororentzat da, bai kirolzale amorratuenentzat, bidezidor eta bide aldapatsuetatik gora, eta bai mendian apenas ibiltzen diren lagunentzat, errepidetik paseo atsegina eginez, egun ederra pasa baitezakete.
Batzuek egun pasa egiten dute mendian, beste batzuek, berriz, goiza edo arratsaldea besterik ez, baina nahi izatera, jatekoa eraman daiteke eta bertan dauden mahai eta eserlekuetan bazkaria edo askaria erosoago jan. Eta eguraldia ona bada, paisaia eta ikuspegi ederrak gozatzeko aukera aparta izango dugu.