Hurrengo larunbatean, hilak 19, “Dorretxe Jauregia” inauguratuko da. Eraikuntza, orain arte “Dorretxea” izenaz ezagutu dena, XVIII. mendearen bukaerakoa da. 2006ko ekainetik itxita, birgaitze lanak 17 hilabetez luzatu dira. Obra hauen bidez, Marta Tornéren (Udal arkitektoa) eta Juan José Boulangerren (Udal aparejadorea) zuzendaritzapean, eraikuntzaren jatorrizko egitura berreskuratu da, jatorrizko fatxada, kaseitodura, beiratea eta habeak kontserbatuz. Inaugurazio ekitaldietan herritarrek dorretxea barrutik ikusteko aukera izango dute bi egunetan, hilaren 19an eta 20an. 19an, larunbata, ohorezko aurreskua dantzatuko da eguerdiko 12etan herriko agintarien aurrean. Aurreskuaren ondoren, Lagun Zaharrak Koral Elkarteak kontzertua eskainiko du, eta agintariek eta komunikabideetako ordezkariek eraikuntza ikusiko dute. 13:00etatik aurrera bertaratu diren herritarrek jauregia barrutik ikusi ahal izango dute.
Eraikuntzaren barruan egingo den ibilbidea Encrucijada antzerki-talde santurtziarraren gidaritzapean egingo da. Horretarako, taldekideak antzinako jantziak soinean, Dorretxearen lehenengo bizilagunen rol fantasmagorikoak hartuko dituzte. Inaugurazio ekitaldiek dirauten asteburu osoan Encrucijada taldeak ingurua girotuko du. Bi egun horietan zehar eraikuntza ikustera doazenek musikaz ere gozatuko dute. Izan ere, Musika Eskolako irakasle eta ikasleek musikagile handien hainbat pieza joko dituzte, hala nola, Aranburu, Bach, Schumann…eta abarren pieza txikiak. Kontzertuan musika-tresna desberdinen soinuaz gozatuko dute: tronpa, pianoa, flauta taldea, klarinete bikotea, txistua, trikitixa… K
ultur ekintzetarako den toki hau Serantes Kultur Aretoak kudeatuko du. Publikorako zabalik egongo da astelehenetik larunbatera 9etatik 14etara eta 18etatik 21:30era. Eraikuntzak 1.362,34 metro koadroko azalera du eta honela dago banatuta: Beheko solairuan Udalaren Erakusketa Aretoa dago, aurrekoaren boskoitza, zabala eta argia. Honen bidez, herriari arte ederrei buruzko zerbitzu osoagoa emango zaio. Santurtzik dagoeneko badu Arte plastikoen Udal Tailerra, baina areto honek eskaintza osatuko du, santurtziarrei kultur arloan jantziago egoteko aukera emango die, eta herrian egiten den lan artistikoa zabaltzeko bidea ere eskainiko du. Horrez gain, udalak aretoa garrantzi handiko erakusketak egiteko erabiliko du, baita herriak eginiko kalitatezko egitasmoak erakusgai jartzeko ere, betiere aretoaren programazio ildoarekin bat badatoz.
Lehenengo solairuak 4 areto ditu: Higarilla (herriko antzinako hondartzaren izena), Bolintxis, Rompeolas eta Calero (Serantes eta Las Rocasen arteko eremua), denak udalerriko toki enblematiko eta bereziak. Izenak hainbat herritarren proposamenei jarraikiz aukeratu dira, otsailean eginiko bisita gidatuetan horretaz beren beregi galdetuta. Areto hauen, Kresala aretoaren eta gainontzeko kultur ekipamenduen bidez, herriko erakunde eta taldeek egin litzaketen ekitaldi eta ekimen guztiei erantzun eman nahi diegu, beroriek aurrera eramateko tokia izan dezaten.
Bigarren solairuan Serantes Kultur Aretoko eta Kultura eta Euskara Arloko bulego guztiak jarri dira. Asmoa kultur zerbitzuen zeregin administratibo guztiak leku bakar batean batzea da, eta horrela herritarrei erosotasuna eskaintzea kultur arloarekin lotuta dauden gestioak egin behar dituztenean.
Hirugarren solairuan Santurtziko Historiaren Interpretazio Zentroa dago, Santurtziko gertakizun nabarmenenak ezagutzeko aukera ematen duena. Zentroaren museo-euskarriak, besteak beste, honakoak dira: hainbat pantaila digital, antzerki birtuala, Santurtziko maketa eta ikus-entzunezkoak. Zentroko pantailak txartelen bidez jartzen dira abian. Txartelok Santurtziko historia ezagutzera bertaratzen diren herritar guztioi banatuko zaizkio.
Horrez gain, eraikuntzaren beiradun balkoian 180 graduko ikuspegia ematen duen periskopio bat jarri da, bertatik XX. mendearen hasierako Santurtziko irudia ikusteko. 1984an Santurtziko Udalak Dorretxea Maitasun Errukitsua Erlijio Kongregazioari erosi zion, udal bulegoak jartzeko. Hasieran, Dorretxeko Markesaren udako etxea zen, hortik jauregiaren izena. Hala ere, gauza ziurra da lehenago zegoen beste eraikuntza baten aurrien gainean eraiki zela, eta horrela erakutsi digu, birgaitze lanak egitean aurkitu den zulo batek. Eraikuntza enblematiko honekin eta laster egingo den Arrantzaleen Kofradiako museoarekin Santurtziren nortasun eta berezitasun parte bat berreskuratuko da.