Gaur, hilaren 23an, goizeko 10etan, Ricardo Ituarte Santurtziko Alkate jaunak eta udal agintariek ekitaldi bat egin dute Dorretxearen birgaitze lanak direla-eta. Ekitaldian infografia bat duen bideo bat ikusi dugu, Dorretxean urte batez egingo diren lanen nondik norakoa erakutsi duena.
Gaur, egun osoan zehar, santurtziarrek bideo hau ikusteko aukera izango dute Dorretxearen ondoan jarritako karpa batean. Horrela, bertatik bertara ikusiko dute eraikina gaur egun zein egoeratan dagoen eta nolakoa izango den birgaitze-lanak behin bukatuta.
Bideo honek aukera emango digu kultura eta Santurtziko memoria historikoa babestuko duen punta-puntako tokia aldez aurretik ezagutzeko.
Dorretxea barrutik birgaituko da. Kanpoko aldean fatxada garbituko da, leihoak bateratu eta zenbait gune pintatuko dira, eta aurreko sarreraren zorua aldatu egingo da. Beheko solairuan, berriz, erakusketa gela jarriko da eta 1.solairuan areto bakarra bihur daitezkeen 3 areto, hainbat kultur ekitalditarako erabiliko direnak. 2. solairuan kultur arloaren eta Serantes Kultur Aretoaren (gune honen kudeaketaren arduraduna) bulegoak kokatuko dira. Azken solairuan, ganbaran, herriko interpretazio-zentroa izango den erakusketa gela txiki bat jarriko da.
Eraikina hondeatu beharko da, gaur egun duen desnibela gutxitzeko. Sabaietako kasetoidura bere horretan utzi eta zenbait gunetan marmolezko zorua jarriko dute. Horrez gain, hormaren zati bat harrizkoa izango da.
Sabino arana kaleko fatxada-baoak mantendu egingo dira, eta bertan kristala jarriko da. Dena dela, honen modernotasun itxura ekidin egingo da, kristalarekin batera jarriko den forjaketa mota baten bidez.
Egitasmo hau udaleko bi langilek erredaktatu dute, Boulanger Ruiz jaunak, udal-aparejadoreak eta Tomée andreak, udal arkitektoak hain zuzen.
Dorretxea oso eraikin garrantzitsua da. Duen arkitektura motak, itxura dotoreak eta historiak berezi egiten dute eta herritarrei erakusteko moduko ezaugarriak ditu, izan ere, herrian ez dago horrelako dotorezia duen eraikin askorik.