Eguberri hauetan musikaz blai agertuko zaigu Santurtziko Serantes Kultur Aretoaren programazioa, datorren asteartean, hilak 16, 18:00etan hasiko dena Santurtziko Musika Eskolako ikasleek eskainiko diguten Gabonetako Entzunaldiaren bidez. Sarrera doan izango da.
Abenduaren 27an, larunbata, 19:30ean urtero Santurtziko “Unión Musical Vizcaina” musika-bandak eta lagun Zaharrak Koral Elkarteak, Jose Miguel Medrano Agirre eta Javier Bustamante Unzuetaren zuzendaritzapean hurrenez hurren, elkarrekin ematen duten Gabonetako Kontzertua eskainiko digute. Aurten gonbidatutako abesbatza Basauriko Zirzira Ahots Taldea izango da, zeinen zuzendaria Ius Pérez García den . Kontzertu honetan kanta ezagun eta ederrak entzungo ditugu, esate baterako Moon River, Mamma, O Sole Mio, Dry Your Tears Africa, Lau Teilatu, 80ko hamarkadako kantak… Sarrerak 5 eurotan jarriko dira salgai abenduaren 18tik aurrera, 17:00etan.
Abenduaren 21ean, 18:00etan Santurtziko umeek “El Mago de Oz. El Musical” ikuskizuna izango dute. ikuskizun hau bost urtez egon da Madrileko karteleran eta 2012an Familia Osoarentzako Ikuskizun Onenaren saria jaso zuen, izan ere, ikuskizun salduenetako bat izan da. Ikuspuntu berriz aurkeztuko du denon ezaguna den istorioa, pertsonaia nagusiak zehatzago aurkeztuko ditu, elkarrizketa dibertigarriak eta magia trikimailuak zuzenean eskaini eta eszenaratze originala eta kanta ezagunak ere ekarriko dizkigu, ikuskizun borobila. Helduentzako sarrerak 15 eurotan jarriko dira salgai, umeentzakoak, berriz, 12 eurotan.
Serantes Kultur Aretoak urte honi musikaren bidez agur esatera gonbidatzen zaituzte, familia artean gozatzeko proposamen baten bidez.