Casa Torre Jauregia

Erakusketak, hitzaldiak eta bilerak

Casa Torre Jauregia XVIII. mendearen bukaera aldeko eraikina da. Santurtziko Udaleko Kultura, Euskara eta Kirol Arloak kudeatzen du eta kultur ekitaldiak egiteko asmoz zaharberritu da. Jauregiak 1.363,34 metro koadroko azalera du horrela banatuta:

Beheko solairua UDAL ERAKUSKETA-ARETOA

Ordutegia:
Astelehenetik larunbatera
9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:30era

300 metro koadroko azalera du eta kultura zabaltzea du helburu, besteak beste, kalitatezko erakusketak jarri, herrian egiten den lan artistikoa zabaldu, aretoaren helburuekin bat datozen erakusketa-egitasmoak jaso eta udal erakusketa informatiboak egin, gaiaren garrantziak hala eskatzen badu.

 

Lehenengo solairua:

LAU ARETO ditu, erakunde edo elkarteek alokatu edo doan erabil ditzaketenak:

  • HIGARILLO ARETOA: 125 m2, L formaduna
  • BOLINTXIS ARETOA: 69 m2
  • ROMPEOLAS ARETOA: 62 m2.
  • CALERO ARETOA: 42 m2

Bigarren solairua

Ordutegia:
Astelehenetik larunbatera
9:00etatik 14:00etara

KULTURA, EUSKARA eta KIROL SAILEKO BULEGOAK

Kokapena

Sabino Arana kalea, 5
48.980 SANTURTZI
94 420 58 50
serantes@serantes.com

Ordutegia:
Astelehenetik larunbatera
9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:30era

Igande eta jaiegunetan itxita

 

Casa Torre Jauregiaren Istoria

Adituek uste dute Jauregia XVIII. mendean eraiki zela. Ondorio horretara heldu dira eraikinaren estiloa, eraikitzeko erabili ziren elementuak, hala nola, karga-horma, eta fatxadan dagoen Hormaza familiaren armarria aztertuta. XIX. mendean Luis Maria Lizana eta Hormazak, VI. Casa Torre markesak, birmoldatu egin zuen, eskaileretako sabaian dagoen ezkutuak adierazten duenez.

Eraikinaren jabegoaz dauden datu historikoen arabera, Juan Jose Ovejas eta Diez jaunak (1682-1732), logroñoarra bera, Ameriketan aberastu eta markesgoa erosi zuen. Orduantxe hartu zuen gizonak Casa Torre markesa izena.

Semea, Lazaro Lizana eta Ovejas, V. Casa Torre Markesa, Arnedon (Errioxan) jaio zen 1805ean. Josefa Hormazarekin (1817an jaioa) ezkondu zen, Santurtziko familia garrantzitsuenetako baten alaba, zeinek eraikina arbasoengandik oinordetzan eraikina jaso zuen. Seme bat izan zuten Jose Maria Lizana eta Hormaza ( 1843 Durango – 1911 Amberes) VI. Casa Torre Markesa, Dolores Txabarrirekin ezkondu zena. Bikote hau izan zen eraikina goitik behera zaharberritu zuena.

Casa Torre Jauregiko beheko solairuan atariak eta kortak zeuden, lehenengo solairuan logelak, egongelak eta familiaren gainontzeko gelak, eta bigarren solairuan morroiak eta neskameak bizi ziren. Teilatu azpiko solairua ganbara zen. Garai hartan eraikinak eta berorren lurrek 10.000 m2 baino gehiago neurtzen zuten eta herriaren erdi-erdian zeuden. Bertan jauregi eta lorategiez gain, bi solairuko beste eraikin bat zegoen, familiaren gidari eta lorazainen bizitokia zena, Mahastieta kalearen ondoan.

Jose Maria Lizana eta Hormaza Bilboko Alkatea eta senataria izateaz gain, Bizkaiko ekonomia-oligarkiako kidea ere izan zen, meategien ustiapenarekin, burdingintza- eta itsas-industria hasiberriarekin eta merkataritza tradizionalarekin lotua dagoen oligarkiako kidea hain zuzen. Hainbat historia lan idatzi zituen, hala nola, “Gutun hungariarrak eta gutun irlandarrak” izenekoa, Antonio Truebaren, Markesaren lagun minaren, hitzaurrea duena.

Jose Maria Lizana eta Hormaza jaunak eta Dolores Txabarri andreak seme-alabarik izan ez zutenez, Carmen eta Maria Salazar Txabarri portugaletetar lobek hartu zuten jauregia oinordetzan.

Salazar ahizpek 1942an Maitasun Errukitsua Erlijio Ordenari saldu zioten eraikina. Monjek goitik behera aldatu zuten jauregiaren itxura, bai barrutik, eta bai kanpotik.

Azkenik, Santurtziko Udalak Maitasun Errukitsua Erlijio Ordenari jauregia erosi zion 1984an eta udal bulegoak bertan ezarri zituen, eraikinaren barruko egitura are gehiago aldatuz. 2006an itxi egin zen.

Jauregia kultura-ekintzetarako erabiltzeko zaharberritze lanak 2009ko azaroan hasi ziren eta 2011ko martxoaren 19an amaitu. Lanak Marta Tomé andreak eta Juan José Boulanger jaunak, udal arkitekto eta arkitekto-laguntzaileak hurrenez hurren, zuzendu zituzten.