Félix Larekiren ‘Uneak IV’ erakusketa Santurtziko Casa Torre Jauregian ikusi ahal izango da azaroaren 25etik abenduaren 15era arte, astelehenetik larunbatera, 9etatik 14etara eta 18:15etik 21:30era. Hiru dira egilearen lan garrantzitsuenak eskainiko dituen erakusketa honen ardatz nagusiak: lehena, hiri-margoa; bigarrena, argia eta inguratzen duenarekiko kontrasteak eta azkenik, itsasoaren edertasuna.
Felix Lareki artista sortzaile eta polifazetikoak “Uneak IV” erakusketan “errealismo espresionista” lanaren koadro batzuk erakutsiko ditu, bertan naturari, espazio zabalei eta itsasoari dien maitasuna islatuz; egileak dioen bezala “kutsu hiperrealista nabaria duten hiri-margo batzuk”. Antonio López margolariaren lanaren jarraitzailea izanik, paisaia figuratibo eta malenkoniatsuak pintatzen ditu pertzepzio kromatikoetan islatuta, non argia eta adierazpen plastikoa diren nagusi eta xehetasunak eta kontrasteak kontu handiz margotzen dituen.
Erakusketan Larekik miresten dituen margolari batzuei egindako omenaldia antzeman daiteke. Horrela bada, Pablo Picassoren “Las bañistas” (1918) margoaren erreprodukzio gisa hartutako “Tres mujeres al sol” dugu edo “Sprint” Kandinskyren “Lirica” (1911) margoan oinarritzen dena. Benjamin Palencia, Fernando de Amárica arabarra eta Paco Ojeda toreroari ere egiten die nolabaiteko aipamen, azken honen estetika eta adorea bereziki azpimarratuz. Erakusketan badira artistaren ingurunean oinarritzen diren hainbat lan ere. Felix Lareki Donostian jaio bazen ere, berrogeita hamar urte baino gehiago darama Bilbon bizitzen.
Pintura eta musikaren zale amorratuak marketinari, pertsonen arteko komunikazioari eta ideien disuasioari buruzko liburuak idatzi ditu. UPV-EHUko Ekonomia eta Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskolako Marketin irakasle ohia da. “Aula del mar” ahalmen urriko pertsonentzako itsasbidaia-proiektuaren presidenteorde ohia. Zenbait musika-erakunderen kide aktiboa. Pro-Musik taldearen sortzailea.