Datorren ostiralean, otsailak 21, 19:30etik aurrera Fernando Garairen erakusketa ikusgai izango da Casa Torre Jauregian. Erakusketa martxoaren 12ra arte egongo da, astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:30era.
Fernando Garai Muskizeko San Julian auzoan jaio zen 1953an. Hogeita hamabost urte baino gehiago darama erakusketak egiten, asko bakarka eta beste hainbat taldeka, eta pintura-ekitaldi, enkante eta dohaintza ugaritan hartu du parte.
Bere estiloa Figurazioaren mugimenduaren barruan dago, baina beti alderdi desberdinak dituen sormenezko testuinguruan. Fernandok olioz, akrilikoz eta espraiz pintatzen du.
Euskal Pintoreen Entziklopedian dago 1989tik eta Zallako Enkarte kultura-elkartea eta Ortuellako Ezkerraldea Kultura elkarteko kidea da, biak ala biak sortu zirenetik. Fernando Garaik izugarri gustuko du aurpegiak pintatzea; horretaz gain, mural asko, antzerkirako agertokiak eta kultura-elkarteentzako logoak ere diseinatu ditu.
——————————————————————————————-
“Artista aseezina”
Urte asko dira Garairen lanaren jarraitzailea naizela, bere pintura-unibertsoa ezagutzen dudala eta mezu misteriotsuz betetako munduan sartu nintzela, non ontziko arraunek helmugako tontorra adierazten baitzuten, gris zilarreztatu eta beltz adierazkorren artean.
Duela gutxi, bere erakusketa bat ikusten ari nintzela, harrituta geratu nintzen eta artista bitxi horrek eman duen aurrerapen itzela ikertu ahal izan nuen. Baina, zerk egiten du desberdin Fernando Garairen gaur eguneko lana? Aurpegien tamaina, atzemate psikologikoa, bateratze teknikoa, nortasunaren isla, non pertsonaia txikiak isilik geratzen baitira kontakizun handi horien aurrean, mezuak dituzten gizaki grisez beteak, non idealismoak loratzen baitira Garairen zelai berdean.
Bere lanari buruz asko idatz daiteke, baina lanak berez kontatzen du dena; ehun lanen artetik bera bakarra, eta berehala esaten duzu “hori Garairena da”, olerkia eta talentua bere bizitzaren udazkenean eta nirearen neguaren bukaeran.” (JULIÁN MOMOITIO)