2017an Santurtziko Karmengo jaiek errekorra hautsi dute, gero eta gehiago baitira jaietan parte hartzen duten kuadrillak. Aurten 54 heldu-kuadrilla eta 26 haur-kuadrilla, guztira mila eta ehun kuadrillakide baino gehiago daude erroldatuta, eta denak aritzen dira kalea alaitzen, girotzen eta gure jaiei kolorea ematen.
Jaiak eragozpen handirik gabe joan dira, programatutako ekitaldi guztiak behar bezala burutu dira, bai eta garaiz hasi ere, euriak eragotzi izan duen kasu gutxi batzuetan izan ezik.
Orokorrean, jai-gunean 250.000 eta 300.000 lagun artean ibili dira, beste urte batzuetan baino gutxixeago datak direla eta. Aurten beranduago hasi dira, uztailaren erdian hain zuzen, gauza jakina denez, jaiak Karmen egunaren aurreko ostiralean hasi behar direlako eta egun horren osteko igandean amaitu. Hortaz, uztailaren 16a igandea izan zenez, jaietako ekitaldi guztiak hilaren bigarren hamabostaldian izan dira eta santurtziar zein balizko bisitari asko oporretan egon dira herritik kanpo. Santurtziko jaietako gaur egungo ereduak hogeita hamar urtetik gora du eta behin baino gehiagotan ikusi izan da egoera hau. Gainera, uztailaren 25a jaieguna izan denez, jai-zubi ederra suertatu da, jende askok aprobetxatu duena herritik kanpora joateko. Izan ere, alde handia igarri da asteburu bien artean. Azkenik, eguraldiak ez du gure alde jokatu, egun batzuetan euriak eta garai honetarako batere ohikoak ez diren tenperatura baxuek jaiak zapuztu dituzte eta. Gainera, une jakin batzuetan euriak herritar asko utzi ditu etxean, horrela gertatu baitzen Chambao eta Rosanaren kontzertuetan, eurok hasi aurretik euria egin zuen eta.
Edonola ere, jaiak beti bezain alai eta bereziak izan dira, Karmengo jaietan ohi den bezala. Berez sortutako jarduera batzuk sendotu egin dira, esate baterako, Santurtzi Kantari, zein Karmen egunean egiten den, Meza Nagusitik irten ondoren. Jarduera hau duela bi urte jarri zen abian herriak bultzatuta, eta hain izan da arrakastatsua, ezen gaur egun egitarauaren parte den.
Horren harira, adierazi nahi dugu aurten bi ekimen berri sortu direla, biak ala biak kuadrillek sustatuta. Bata, txosnetan gau batean antolatutako mozorro-gaua; eta bestea, udaletxetik Mahastieta eskolara prestatu zuten “igoera”, euren afari tradizionalera joateko, ziurrenik ekitaldi biek lekua izango dute datorren urteko egitarauan.
Horrela bada, berriro ere ozen esan dezakegu gure jaiak herrikoiak direla, herritarren ekimenetatik jaiotzen baitira, herritarren babesa duen edozein ideia onartzen delako jaietarako, horixe da formula, beste ezer ez.
Programatutako ekitaldiez, berriz, esan dezakegu jende nahikotxo bildu dela horietara. Horrela bada, Karmengo Prozesioa ikusteko 30.000 lagun baino gehiago batu ziren lehorrean eta ehun bat ontzi itsasoan.
La Oreja taldearen kontzertuan 16.000 bat lagun egon ziren, Chambao eta Musika Bandak Mocedades taldearekin emandakora, berriz, 6.000na eta Rosanarenera 4.000 bat. Agertoki nagusian egin ziren gainerako ekitaldietan ez zen aipatutakoa baino jende gehiago batu.
Mentxuk igandean agurtu gintuen gaueko 12:00etan, eta ekitaldi horretan ere publiko ugari bildu zen, aldez aurretik Gorka sarien zeremonian parte hartu zuten berberak, gala hori azken urteotako jendetsuena izan da eta.
Hurrengo hauek izan dira 2017an Gorka sarien irabazleak:
– HAUR-KUADRILLEN JANZKERARIK ONENA: – EUTSI GOGOR
– HAUR-KUADRILLAKIDERIK ONENA (NESKATOAK): – JANIRE (TOPO-TXIKI)
– HAUR-KUADRILLAKIDERIK ONENA (MUTIKOAK): – SENDOA (SUNTSIEZINAK)
– HAUR-KUADRILLARIK ONENA: – GURI BOST
– ARGAZKIRIK ONENA: – CEDA EL VASO
– JANZKERARIK ONENA: – R KE R
– EMAKUMEZKO KUADRILLAKIDERIK ONENA: – ANGELA (NORA ZOAZ? MANZANAS TRAIGO!)
– GIZONEZKO KUADRILLAKIDERIK ONENA: – JONATAN (CEDA EL VASO)
– KUADRILLARIK ONENA: – UNINCORDIO