Ostegunean, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, Serantes Kultur Aretoan “Inorako Bidaia” euskarazko antzezlana izango dugu ikusgai, Santurtziko historian izandako gertakizun bati buruzko lan bikaina.
Aristides Vargas antzezlanaren egile eta zuzendariarekin batera, Kukubiltxo Antzerki Taldeko bost antzezlek ekarriko dute 1950. urtean santurtziar talde batek bizi izandako abentura. Taldea, Karmen egunean euskal marinelei egiten zaien lore eskaintza aprobetxatuz, Mexikorantz abiatu zen lantokia zuten ontziolan egindako txalupa txiki batean, 9 metro luze, masta bakarra eta motor txikia baino ez zuena.
Quitoko Malayerba antzerki-konpainiaren zuzendaria eta obraren egilea den Aristides Vargasen esanetan “antzezlan honek bidaiatzeko hiru era paralelo erakutsiko dizkigu, lehenengoa, Mexikora joan ziren santurtziarren bidaia bera, bigarrena, beste errealitate batera joateko beharra sentitzen duen herriarena, eta azkenik, bidaia garaikidea, zein gu eta gure ingurua goitik behera aldarazteko gai diren eguneroko bidaiez aritzen zaigun.
Josu Cámarak, Kukubiltxo Antzerki Taldearen zuzendariak, dio konpainiak, antzezlanaren protagonistek bezala, “Inorako Bidaia” honen bidez, hasiera emango diola bidaia bati. Horrela, santurtziar talde ausart horri omenaldia egin nahi dio antzerki-taldeak, eta Memoria Historikoaren alde bat berreskuratu.
Josu Cámarak eskerrak eman nahi dizkie protagonisten senideei, agiri garrantzitsuak utzi dizkietelako, istorio honek marinel horien sentipenak jasotzeko modua izan dezan. Era berean, esker ona adierazi nahi dio Agustin Palacioren ilobari, aititeren gorabeherak eleberri gisa idatzi zuelako eta baita Felix San Mamesen senideei ere, itsas ibilaldiaren itsasontziko liburua utzi ziotelako, bertan eman baitzituen orduko bizipenen berri.
Kukubiltxo konpainiako aktorea den Ainhoa Alberdik mezu bat helarazi nahi dio antzezlana ikustera joango den publikoari: “utzi burua antzokitik kanpo eta bihotz-bihotzez bizi abentura hau”.
Kukubiltxo Antzerki Taldeak lan tradizio handia du Santurtzin, izan ere, euren lanak Serantes Kultur Aretoan antzezteaz gain, “Gora Santurtzi” kale ikuskizuna zuzendu du, San Jorge eta herensugearen kondaira kontatzen duena.
Serantes Kultur Aretorako plazer handia da antzezlan hau estreinatzako aukera izatea, bertoko herritar batzuk bizi izan zituzten gorabeherak erakutsiko dizkiguna, garai hartan herrian ez zuten askatasuna lortzeko dena arriskatu zuten herritarrenak hain zuzen.