Santurtzin 400.000 lagunetik gora ibili dira Karmengo jaietako 10 egunetan
Atzo Karmengo jaietako azken eguna izan zen. Hilaren 12an Galizia Etxearen omenaldiarekin hasi eta Gorka sarien banaketarekin amaitu ziren Santurtziko jaiak. Guztira, 130 jai-jarduera antolatu dira eta orokorrean, oso balantze ona egin daiteke zentzu guztietan: Batetik, parte-hartze handia egon da; eta bestetik, ez da antolatutako ekitaldi bat ere bertan behera utzi behar izan. Gainera, Aintzane Urkijo herriko alkateak adierazi bezala, “ez da gorabehera handirik izan”. Hala ere, alkateak deitoratu du gazte bat atxilotu behar izana jai-gunean beste gazte bati egindako gehiegikeria-delitua tarteko.
Aurreko edizioetan bezala, azpimarragarria da kontzertu eta programatutako gainerako ekitaldietara hainbeste jende bertaratu izana, non 400.000 lagunetik gora bilduta ere, deigarri egin den garrantzi handiko gorabeherarik ez egon izana. Horregatik, Urkijok eskertu egin du jaietan parte hartu duenen jokaera, bai eta segurtasunaz edo jai-gunearen garbitasunaz arduratu eta horretan aritu diren langileen ahalegina eta lan eskerga ere. “Berriro esan dezakegu Euskadi osoan jende gehien biltzen duen jaietako bat gure herrikoa dela. Jendetza etortzen da eta gozatu egiten du eta argi dago hori guztiori herri osoaren inplikazioari esker gertatzen dela” gaineratu du.
Gauero kontzertuetan egon den jendetza ikusita, alkateak nabarmendu du kontzertuak oso ondo hartu direla orokorrean. Azpimarratzekoa da 18.000 lagun egon izana Camela edo Beret ikusten, 10.000 bat Victor Manuel eta 14.000 inguru Vulkano orkestra. Guztira, kontzertuetan 76.000 bat lagunek hartu dute parte hamar egun hauetan.
Aurreko urteetako jaietan bezala, Karmengo Andra Mariaren itsas-prozesioak batzen ditu jende gehien. Horrela bada, ehun bat ontzik hartu zuten parte prozesioan. “Egun horretan gutxi gorabehera 40.000 lagun aritzen gara jaian, eta benetan pozgarria da, inongo gorabeherarik gabe burutu zen eta. Gauza bera gertatzen da Sardinaren egunean, bera ere oso egun garrantzitsua baita gure herriko jaietan”.
Jaietako lehenengo egun horretan, Sardina egunean, Udalak 24 paila banatu zituen Juan XXIII eta Itsasalde kaleetan, non mila kilo sardina baino gehiago jan ziren. Horiez gain, kuadrillak eta ostalariek ere makina bat erre zituzten, urtero bezala, herrian egiten den sardinada tradizionalarekin bat egin zuten eta. “Herriaren inplikazioa egun horretan itzela izaten da, ez naiz nekatzen herriari horrenbeste inplikatzea eskertzeaz”. Eta egia da, helduen 51 eta umeen 14 kuadrillak hartu baitute parte; guztira, mila kuadrillakide baino gehiagok.
Laguntza zerbitzua
Zalantzarik gabe, aurten notarik onenetakoa lortu duen zerbitzua izan da. Bigarren urtez jarri da herritarren esku. “Zerbitzuaren erabiltzaile guztiek oso ondo baloratu dute, eta abian jarri nahi ez genukeen neurria bada ere, eta erabiltzeko beharrik ez izateko irrikan bagaude ere, esan dezakegu ederto funtzionatu duela, erabiltzaileek helarazi dizkiguten iritzi eta balorazioen arabera.”
Guztira 220 lagunek erabili dute, ia % 100 emakumezkoak (bi gizonezkok erabili dute) eta horietatik guztietatik % 43 adin txikikoak izan dira. Gogorarazi behar da oraingo honetan 22 plazako mikrobus bat erabili dela zerbitzu hau emateko.
Herritarren segurtasuna
Alkateak adierazitakoaren arabera, nabarmentzekoa da Santurtziko Udaltzaingoak egindako hamaika lan: laguntza eman du, gune publikoa gorde du eta kalean istilurik egotea saihestu du jendetza batu den jardueretan. Hartutako segurtasun-neurriek polizia kopuru gehiago egotea ekarri du, eta beraz, prebenitzeko zeregin handiagoak ere bai. Era berean, aurten egindako trafiko-murrizketa dela eta, jai-gunea zabaldu egin da eta horrek zuzenean eragin dio sarrera nagusiari, bertan ez baita ibilgailurik egon, jaietan egon direnen segurtasun eta erosotasunaren mesedetan.
Horrela bada, Santurtziko Udaltzaingoak 11 atestatu egin ditu eta 79 salaketa jaso, zeinen % 75 ebasketak izan diren (sakelako telefonoak, zorroak, poltsak…). Aurtengo zifrak eta aurreko urteetakoak oso antzekoak izan dira.
Arestian aipatutako datuekin lotuta, Santurtziko Udaltzaingoak 11 lagun atxilotu edo inputatu ditu (4 atxilotu eta 7 inputatu), zenbait delitu egotziz. Bestalde, 48 administrazio-espediente jarri dira abian drogak izateagatik, armak aldean eraman edo erakusteagatik, udaltzainen aginduak ez betetzeagatik… eta guztira, 40 konfiskazio egin dira, non denetiko objektu aurkitu diren: drogak, tabakoa, kalez kaleko salmentatik etorritako objektuak… “Nabarmentzekoa da osasunerako arriskutsu gerta daitezkeen haragia eta jaki galkorrak saltzeko postu ez legal guztiak guztiz desagertu izana.
DYAk 100 esku-hartze izan ditu, eta 16 lagun ospitalera eraman. Gainera, mila eskumuturretik gora banatu dituzte jai-gunean egoten diren adin txikikoei zuzendutako euren ekimen berriaren barruan.
Garbiketa
Garbiketa-zerbitzuak goizean goizetik aritu dira jai-gunea eta pantalanen eta portuaren guneko ur-xafla garbitzen.
Bestalde, garbiketa-zerbitzuek 51.3 tona zarama jaso dituzte jai-gunean eta guztira, 2.453.000 litro ur eta 250 desinfektatzaile erabili dira. “Oraindik lana dugu egiteko hurrengo egunotan herriak betiko itxura har dezan, baina goraipatzekoa da garbiketan aritu diren langileek egindako lana jaiak ez zezan herritarren eguneroko bizimodua oztopatu. Orain gune batzuk sakonago garbitu, landareak jarri, Olatuen parkeko hesiak kendu… horrelakoak egin behar dira” adierazi du alkateak.
Gorka sarien banaketa
Azkenik, gogorarazi nahi dugu atzo, igandea, jaietako azken eguna izanik, Gorka sarien banaketa egin zela. Jendetza egon zen ekitaldian eta honako hauek izan ziren saridunak:
Jantzirik onena (umeak) : Betikoak
Emakumezko kuadrillakiderik onena (umeak): Josune (Behin ta berriz)
Gizonezko kuadrillakiderik onena (umeak): Iker (Katxi Porretas)
Umeen kuadrillarik onena: Aurrez aurre
Argazkirik onena: R ke R
Jantzirik onena: Haz-T
Emakumezko kuadrillakiderik onena: Aitziber (Sorromorro)
Gizonezko kuadrillakiderik onena: Gorka (Tolmoronland)
Kuadrillarik onena: Plan Z
Alcoyano: Colga2