Santurtziko Karmengo jaiak uztailaren 8tik 17ra izango dira aurten, eta Serantes Kultur Aretoa eta Jai Batzordea dagoeneko egitaraua prestatzen hasiak dira. Baina, gaur herriko jai nagusietan arituko diren taldeen berri eman nahi dugu.
Aurtengo jaietan, urtero bezala, denetiko musika entzungo dugu. Oraingo honetan, Albert Hammond kantari mitikoaren pop-musika edo “Pignoise” banda ezaguna izango ditugu gurean, eta baita “Rulo y la contrabanda”, “Txarrena” talde birsortua edo Almeriako “En Espera” banda ere. “El Pescao” edo “Los Planetas”-en flamenko fusionatuak eta herriko taldeek tokia izango dute aurtengo jai-egitarauan. Horrela, jaietako lehenengo asteburuan Santurtziko musika-bandak eta txistulari taldeak kontzertu berezi bana emango dute. Horrez gain, Lacco talde santurtziarraren musikaz gozatzeko aukera izango dugu, zeinek parte hartuko duen honako prentsaurrekoan euren lanaren eta jaioterrian jotzeko duten ilusioaren berri emateko.
Santurtziko kontzertuek ikusmin handia sortzen dute beti, musika arloko artistarik garrantzitsuenek gure herrian jotzen dute eta. Urtero-urtero milaka lagun biltzen dira, santurtziarrak zein kanpotarrak, gure eskualdeko musika-eskaintzarik handienean parte hartzeko, kantatuz eta dantzatuz.
Gainera, kontzertuak jai-gunean egiten direnez, bertaratzen diren guztiak erabat murgiltzen dira herriko jai giroan.
Bederatzi kontzertu egingo dira, denak gaueko hamaiketan hurrengo egun hauetan:
Ostirala, uztailak 8: Itsas Alde Txistulari Taldea
-Programa berezia-
Larunbata, uztailak 9: Kontzertu bikoitza: “Lacco” +
“En Espera”
Igandea, uztailak 10; “Union Musical Vizcaina” musika- banda -Programa berezia-
Astelehena, uztailak 11: Pignoise
Asteartea, uztailak 12: Rulo y la Contrabanda
Asteazkena, uztailak 13: El Pescao
Osteguna, uztailak 14: Txarrena
Ostirala, uztailak 15: Los Planetas
Larunbata, uztailak 16: Albert Hammond
Serantes Kultur Aretoak eta Jai Batzordeak uste dute kontzertuok herritar guztiak asetzeko modukoak izango direla, eskaintza anitza baita. Beraz, Santurtzira etortzera animatzen dute Albert Hammonden “Ansiedad” edo “Echame a mi la culpa” bezalako kanta ospetsuak abesteko, edo “Los Hombres de Paco” telesaioaren sintonia ezaguna dantzatzeko, hau da, Pignoiseren “Nada que perder” abestia.
Santurtzi, 2011ko maiatzaren 19a