Apirilaren 6an, Pazko-astelehenean, Santurtzik Kornite erromeria ospatuko du Serantes mendian. Jaia Santurtziko Udaleko Kultura Erakundearen parte den Serantes Kultur Aretoak antolatuko du, eta urtero bezala aurten ere milaka santurtziar eta inguruko herrietako biztanleak botak eta anorakak jantzi eta mendian gora joango dira, batzuk bizikletaz, beste batzuk zaldiz eta gehienak oinez…
Mazo aldean eguerdiko 12:00etatik 14:30ak arte eta arratsaldean 16:00etatik 18:00etara Serantesera igotzen diren umeek Haur-Parkea izango dute jolasteko, puzgarri eta guzti. Arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara erromeria egongo da BASAJAUN taldearen eskutik.
Aurten Turismo Arloak igoera gidatua antolatu du egun honetarako Serantes mendira. Ibilbidea Arrantza Portuan hasiko da 10:00etan, eta parte hartzeko izena eman beharko da.
Turismo Bulegoan bertan egin daiteke, edo bestela telefonoz 94 4839244 zenbakira deituz edo posta elektronikoa turismo@santurtzi.net bidaliz.
Zenbait okindegitan kornite opila egongo da salgai. Esan bezala, Kornitea opi lbat da, barruan arrautz bat edo txorizo bat edo biak dituena.
Kornitea Serantes mendian bertan ere eros daiteke. Seranteserako igoera publiko ororentzat da, bai kirolzale amorratuenek, bidexidor eta bide aldapatsuetatik gora, eta bai mendian apenas ibiltzen diren lagunek, errepidetik paseo atsegina eginez, egun ederra pasa baitezakete.
Batzuek egun pasa egiten dute mendian, baldin eta eguraldi ona badago bertan dauden mahaietan bazkalduz, eta badira goizean igo eta bazkaltzera etxera bueltatzen direnak ere. Edonola ere, Kornite erromerian ingurua gozatu eta Bizkaiko ikuspegi ederrak ikus daitezke.