Mª Eugenia Maraval ia ustekabean hasi zen arte-munduan. Lehenengo urratsak pintura-arloan eman zituen, baina handik gutxira grabatuarekin uztartzen hasi zen. Gero, artistek izan ohi duten jakin-minak bultzatuta, beste bide batzuk ikertu zituen eta 2006an “Sareak Eskultura Tailerrarekin” jarri zen harremanetan.
“Sareak Eskultura Tailerrean” Maravalek material berriak probatu zituen, hala nola, buztina, harria, marmola, harzuria edo zura. Poliki-poliki erronka handiagoei egin zien aurre. Bolumen txikietatik handietara pasatu zen, bigunenetik gogorrenetara. Zenbait eskultura-teknika eta prozesu ezagutu eta landu zituen, instalazioak egitera heldu zen arte. Urteak aurrera joan ahala, bere obra eraldatuz, aberastuz eta helduz joan zen.
Puzzleen instalazioan artistak bi dimentsioko pieza ludikoak aldatu eta hiru dimentsioko egiten ditu, kontzeptu berria emanez. Maraval sentiberatasun pertsonal, plastiko eta estetiko handiko emakumea da, irudimen handia du sormen-prozesuetan agertzen diren gorabehera eta zalantzak ebazteko. Prozesu horietan gai da bere baitara zabaltzen den jarduera artistiko bat egitera eramaten duten bide berriak ikertu eta inprobisatzeko .
Jarduera artistiko trinko horrek eta egin duen ikerketa pertsonal sakonak material eta teknika berriak probatzera eraman dute. Materialak berrasmatu, berrerabili eta birziklatu egin ditu; eta horrela, eurok eraldatu eta bizitza berria eman die. Bere esperientzia artistikoa, berez duen jakin-mina eta esperimentazio eta ikerketa arloan egin duen lan itzela tarteko, eskultura-teknika berria sortzea lortu du.
Erakusketa honetan Maravalek bere azken lanak aurkeztuko ditu, irudimenari gorazarre itzela. Muralek, puzzleen instalazioak, laten jaunak, dorreek, paloteek, txalupek, sardinek eta forma eta material ezberdinetako makina bat artelanek barruan dituzten emozioak leuntasunez helarazten digute.
Maravalek, bere lanen bidez, zenbait lurralde artistiko sortu, gogora ekarri eta iradokitzen ditu, irudi berriak sortzen dituzten hizkuntza aniztun lurraldeak hain zuzen. Bildutako obra hauek guztiek zerbaitetan egiten dute bat, egileak euretako bakoitzean emozioak helarazteko borondatean hain zuzen, ikusleak uler dezan zer eta nola egiten duen, eta batez ere, artearen bidez bere ametsetako batzuk gauzatzeko zein grina duen.
2021eko urrian. Adolfo Luís Cuevas Cosío