Santurtziko Karmengo jaietan urtero egoten diren kontzertuak gogora ekarriz, herriko jai nagusiak iragartzeko aurtengo kartelean rock and roll soinua ateratzen ari den Mentxu aurkituko dugu.
Santurtziko Karmengo Jaiak iragartzeko kartela aukeratu duen epai-mahaiak argitara eman du kartelen lehiaketaren erabakia Danel Bringas Egilior Serantes Kultur Aretoko Presidentearen bidez.
Jaietako kartel irabazlearen saria, 1.000 eurokoa, Murtziako bizilaguna den Cristobal Aguillo Dominguezek jaso du. Bertan gure kaiorik maiteena “Mentxu” azaltzen da inoiz baino musikariago.
Akzesit sariak, 200na eurokoak, Portugaleteko Asier Martinez de la Perak eta Trapagako Natalia Martin Hermidak jaso dituzte. Portugaletetarrak egindako kartelean sardina bat ikusten da gure kaio ezagunaren gainean gure herriko jaiak bereganatzeko prest, trapagarrak egindakoan berriz, hiru Mentxu daude parkeko hiru tximinoen eran, hau da, “ez ikusi, ez entzun, ez hitz egin” jarreran.
Aurten hogeita bi lan aurkeztu dira (22).
Bestalde, itsas-prozesioan parte handiagoa lortze aldera, azken urteotan Serantes Kultur Aretoak kontratatutako ontzietan joateko txartelak zozketatu egin dira Santurtziko herritarren artean eta horrez gain, ontzi partikularrei prozesioaren itsas-segizioan parte hartzeko aukera eman zaie.
Txartel horietako bat eskuratzeko, Casa Torre Jauregiaren atarian dagoen papeleta bete eta beren-beregi horretarako ezarri den kutxan sartu behar da (herritar bakoitzeko bat). Ordutegia 9:00etatik 14:00etara eta 18:15etik 21:30era da eta epea ekainaren 27an amaituko da.
Herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten iazko zozketan txartela lortu zutenek aurten ezin izango dute lortu.
Zozketa ekainaren 28an egingo da 12:00etan Casa Torre Jauregiko Higarillo aretoan eta uztailaren 1ean, 12:00etan irabazleen zerrenda Serantes Kultur Aretoko webgunearen iragarki-taulan (www.serantes.com) eta Casa Torre Jauregiko atezaintzan jarriko da.
Santurtziko Karmengo prozesioa ekitaldi berezia da santurtziarrontzat, ehun urtetik gora baitira uztailaren 16an Karmengo Andra Mariaren irudia ontziz itsasoratu egiten dela hildako arrantzaleei lore-eskaintza egiteko.