Serantes Kultur Aretoak Mentxuri buruzko ipuina argitaratu du, Santurtziko kaiorik garrantzitsuena eta gure herriko jaietako maskota. Argitalpena Santurtziko udalak aurkeztu du, Danel Bringas Egilior, Serantes Kultur Aretoko presidente, eta Roberto Quintela Modia, Iñaki Berriatua Lafuente eta Arturo Delgado Acebalen eskutik (ipuinaren egileak).
Bi mila ale argitaratu dira, mila euskaraz eta beste horrenbeste gaztelaniaz. Ipuinak 10 euro balio du, eta Gabonetan egongo da salgai Kabiezeseko polikiroldegiko eta Gernika parkeko Gabonetako ume-parkeetan. Udal Liburutegien Sarean ere zenbait ale egongo dira, bertan irakurri edo maileguan hartzeko. Lau laguni bururatu zitzaien ipuina idaztea. Arestian aipatu ditugunak eta Eneko Aristi konturatu ziren euren seme-alabak “Mentxuzale” amorratuak zirela. Horrela, erabaki zuten herriko kaioari buruzko ipuina idaztea. Bertan azaltzen da itsas hegazti hau nolatan agertu zen Santurtziko jaietan, eta herritar guztiek zergatik maite duten horrenbeste.
Egitasmoa Serantes Kultur Aretoan azaldu zutenean, Erakundeak proposamena onartu eta ipuina argitaratzea erabaki zuen. Mentxu demokrazia eta jai herrikoiekin batera egin zen ezaguna. Ordutik urtetik urtera herrikoiagoa da. Urtero jaietako lehenengo egunean etortzen zaigu bisitan, eta Santurtzin zain egoten gara, bera noiz ikusiko. Izan ere, milaka santurtziar eta ez santurtziar biltzen gara udaletxearen aurrean kaiotxoa ikusteko. Jaietako azken egunean Mentxuk agur esan, eta zerura doa hegan. Alde egiten du, baina Santurtzin ondotxo dakigu hurrengo urtean ere jaietan izango dugula, ondo pasatzeko eta denok zoriontsuago egiteko.