“Mentxuk” kaio ospetsuak, Santurtziko Karmengo jaietako maskotak, abesti propioa du. Kanta, “Badator Mentxu”, Roberto Quintela santurtziarrak egin du, baina lan horretan ez da bakarrik aritu. Izan ere, zenbait euskal artistak hartu dute parte egitasmo honetan, hala nola, Garik, Roberto Mosok (Zarama), Ines Osinagak (Gose), Arkaitz Estiballes bertsolari bilbotarrak eta El mentón de Fogartyko taldekideek.
Serantes Kultur Aretoak bere egin du Roberto Quintelaren proposamen hau eta “Badator Mentxu” kanta duten 300 cd argitaratu ditu koadrila, txosna eta zenbait tabernatan banatzeko asmoz, aurtengo jaietan denok Mentxuren kanta berria abes eta dantza dezagun.
Mr Jam musika-eskolak lan berezia egin du egitasmo hau aurrera ateratzeko. Izan ere, kantaren grabazioan parte hartzeaz gain, bertako ikasleek koroak egin dituzte. Musika-eskolako irakaslea den Jose Luis Canal musikaria, Kepa Junkeraren azken diskoaren konpositorea, kantaren moldaketaz eta ordenagailuz sekuentziatutako zatiez arduratu da. Baxua Jon Anderrek grabatu du eta bateria Ivan Romanek, Mr. Jam musika-eskolako kideak hauek ere.
Garik, Hertzainak taldeko kide ohiak, zenbait moldaketa proposatu ez ezik, lana ikuskatu ere egin du. Musikarako duen talentuaz gain, urtetan jasotako esperientzia ekarri dio lanari, bi hamarkada luze eta arrakastatsu egin baititu agertokian. Are gehiago, Robertoren ilusioa eta Mentxurenganako duen nolabaiteko maitasuna gainontzeko laguntzaileei helarazten jakin du. Horrela, ilusio hori gogoan, Arkaitz Estiballes bertsolari bilbotarrak letra zoragarria idatzi du, Ines Osinagak, Gose taldeko kideak, Mentxuren abestiari bere ahots berezi eta ederra jarri dio. Berarekin batera, batetik, Roberto Moso Zarama taldeko kantaria aritu da, euskal rockaren aitzindarietako bat eta santurtziar guztiak bezala, Mentxuren jarraitzailea. Eta bestetik, Gorka Alvarezek eta Karlos Uribek, Mentón de Fogartyko taldekideek, abestiari “beatle” ukitu berezia eman diote.
Juan Escribano “We are standard” taldeko kidea izan da gitarra jolea eta Miguel Moyano (Gariren ohiko kolaboratzailea) teklatu-jolea, biek ala biek lan ezin hobea eginez. Talentu-entsalada bikain hau Iñigo Corcuerak ondu du Mr. Jam musika-eskolako estudioan eta Aitor Ariñok Lorenzo Records estudio mitikoan. Denon artean kanta berezi bat egitea lortu dute, zeinetan euskal musikari beteranoen esperientzia eta belaunaldi berria batu diren, hauei bidea zabalduz. Euskal musikari hauek guztiok, Gariren irmotasunak eta Roberto Quintelaren ilusioak bultzatuta, Mentxuri buruzko abestia ekarri digute, aurtengo eta hurrengo urteotako jaietan entzun eta kanta dezagun.
Abestia: BADATOR MENTXU
Udaletxe gaineko
teilatura begira,
arraultzaren barrutik
norbait irtetzen ari da…
Iritsi da! Mentxu da!
Badator Santurtzira!
Iritsi da! Mentxu da!
Karmengo jaiak hasi dira!
Heldu da
Mentxu da
Santurtziko Karmengo
jaiak berriz bukatzean
Mentxu joango da
Urrun, urteroko antzean,
eta gure herriko
sardinak usaintzean,
bueltatzeko gogoa
sartzen zaio bihotzean.
Gora eta behera
Santurtziko kaleetan!
Gora eta behera
Dantzatu, mugitu,
zazpi gau, zazpi egunetan!
Mentxu gurekin dabil
Santurtziko jaietan
Heldu da!
Mentxu da!
Eta gure herriko
sardinak usaintzean
bueltatzeko gogoa
sartzen zaio bihotzean…
Iritsi da! Mentxu da!
Badator Santurtzira!
Iritsi da! Mentxu da!
Karmengo jaiak hasi dira!
Gora eta behera
Santurtziko kaleetan!
Gora eta behera
Dantzatu, mugitu,
zazpi gau, zazpi egunetan!
Mentxu gurekin dabil
Santurtziko jaietan