Jai Batzordeak, Santurtziko Karmengo jaien esparruan, egun horietan gure herrian ibiliko zareten bertoko zein kanpoko gizon-emakume guztioi dei egiten dizue uztailaren 14an, 19:00etan “Jakizu, bai esaten ez badut, ezetz esaten ari naiz” lelopean egingo den matxismoaren aurkako Kalejira Feministan parte hartzeko. Casa Torre jauregian hasiko da eta ibilbidea honakoa izango da: udaletxea, Genaro Oraa, Santa Eulalia, Los Rosales pasealekua, Oinezgunea, Itsasalde, Juan XXIII eta Casa Torre jauregia, hortxe amaituko dugu. Zarata itzela ateratzeko asmoa dugu.
Jai giroan egin nahi den aldarrikapen-ekitaldi honetarako 4 batukada feminista elkartuko ditugu, guzti-guztiak emakumez osatuak, 3 bizkaitar: Mamiki (Bilbo), Batukandre (Durango) eta Lurrikara (Portugalete) eta katalan bat: Somsó (Poblet Sec-Bartzelona). Horrez gain, parte hartuko duzuenoi eskatzen zaizue zarata atera dezakeen zerbait ekar dezazuela (lapikoak, estalkiak, koilarak…) batukaden soinuari laguntzeko.
Kalejira honen bidez emakumeok jaiak eraso sexistarik gabe disfrutatzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi da. Geuk ere jaiak beldurrik gabe bizitzeko eskubide osoa dugu, baina behin eta berriro, hamaika modutan denok bakean ondo pasatzeko gunea izan dadila eskatu den arren, oraindik eraso asko gertatzen dira jai-giroaren babesean.
Jai batzordea herriko emakume-elkarteekin bildu da, eta pozik hartu dute ekimena, nolabait bere eginez. Kuadrillen kolektiboari ere eman zaio kalejiraren berri. Kuadrilletan 1.000 lagunetik gora elkartzen dira eta ekitaldian parte hartzeko asmoa agertu dute, guztion artean emakumearen aurkako indarkeria eta erasoei aurre egin diezaiegun. Kaleak geureak ere badirelako, ozen eta argi oihukatu nahi dugu: “Emakumeok bai esaten ez badugu, ezetz esan nahi dugu, ezetz eta ezetz besterik ez!”