Santurtziko jaietako aurtengo egitarauak publiko ororentzako ehun eta hogeita hamazazpi ekitaldi baino gehiago ditu eskaintzeko.
Oraingo honetan jaiak ostiralean hasiko dira, hilak 13, urteroko omenaldiarekin. Aurten BEGOÑA GONZALEZ URIBE-ETXEBARRIAri egingo zaio, 50 urtetik gora baitarama janari paregabea eskaintzen herriko jatetxe ezagunenetako batean.
Egun horretan bertan, arratsaldean, gure herriko jaietako ekitaldi enblematikoenetako bat izango dugu, urteroko Sardinada Handia, non Mendizabal Kapitaina eta Juan XXIII kaleetako ostalariek 1.000 kilo sardina baino gehiago erreko dituzten santurtziarrek zein herrira datozen guztiek jan ditzaten.
Bestetik, dagoeneko 34 heldu- eta 21 ume-koadrilek eman dute izena, nahiz eta oraindik ez den apuntatzeko epea amaitu. Izan ere, jaiak hasten diren egunera arte egongo da izena emateko aukera.
Bederatzi KONTZERTU egingo dira, denak gaueko hamaiketan, hiru izan ezik, Txistulari- eta Musika-bandena (22:30ean biak), eta Bustamanterena (23:30ean). Hona hemen kontzertuen zerrenda:
UZTAILAK 13 (ostirala), 22:30 Txistulari Banda eta Los cinco bilbainos
14 (larunbata), 23:00 Bongo Botrako
15 (igandea), 22:30 “Unión Musical Vizcaina” musika-banda eta Astriz Crone sopranoa
16 (astelehena), 23:30 David Bustamante
17 (asteartea), 23:00 Ken Zazpi
18 (asteazkena), 23:00 Love Of Lesbian
19 (osteguna), 23:00 La Pegatina
20 (ostirala), 23:00 Maldita Nerea
21 (larunbata), 23:00 Platero y Tu eta Extremoduroren klonak
Ohi bezala, aurtengo jaietan ere ANTZERKIA izango dugu, kalean zein aretoan.
Serantes Kultur Aretoan Kiti Manver, makina bat aldiz saritutako antzezle bikaina bera, ikusteko aukera izango dugu, eta baita berarekin batera OCASIONES ESPECIALES emanaldia antzeztuko duen Jorge Roelas ere. Komedia honek umorez eskainiko dizkigu dibortziatuta dagoen bikote baten nondik norakoak. Horrez gain, SKAn Faemino y Cansado bikote paregabea ere izango dugu, eta ziur gaude euren umoreak barre algaraka jarriko dituela antzokian biltzen diren ikusleak.
Bestetik, kale-antzerkia ere egongo da Santurtzin. Bertan euskal talde garrantzitsuak egongo dira, hala nola, Trapu Zaharra, Malas Compañias edo Teatro Mutante euren umore-ikuskizunak eskaintzeko. Txosna Batzordeak ere ekimen honetan parte hartu nahi izan du, umeentzako bi antzerki-ikuskizun ekarriz: A Ze Parea! eta Zirko Ibiltaria-Kalejira.
Jaietako ekitaldi hunkigarriena Itsas Prozesio Tradizionala da. Berau ikusteko 40.000 bat lagun biltzen dira lehorrean eta ehun bat itsasontzi itsasoan. Aurten 100 txartel zozketatu dira, 200 santurtziarrek parte hartzeko aukera izan dezaten Prozesioan Karmengo Amaren segizioa osatuz.
Aurtengo su artifizialak Pirotecnia Zaragozanaren eskutik egingo dira uztailaren 16an, Karmengo Amaren egunean, gaueko 11etan. Egun horretako kontzertua beraz, Bustamanterena, beranduago hasiko da, gaueko 11,30ean hain zuzen.
Kontzertuak iazko toki berean egingo dira. Horrela bada, oholtza Reina Victoria Pasealekuan jarriko da (Portu Autonomoaren ondoan). Barrakak eta txosnak ere Reina Victoria pasealekuan egongo dira, barrakak polikiroldegiaren ondoan eta txosnak arrantza-portutik hurbilago.
Bereziki nabarmendu nahi dugu DYAk eskainiko duen zerbitzua, jaietan seguruago egon gaitezen. Bertan hurrengo hauek arituko dira: 125 boluntario, oinarrizko ekipamendua duten 24 anbulantzia, erreskaterako lur orotako ibilgailu 1, 3 ontzi erdi-zurrun, aire zabaleko ospitale 1, oinarrizko laguntzarako modulu 1 eta unitate ziklista bat, iaz oso harrera ona izan zuena (lehenengoz artatzeko oinarrizko ekipamendua duten 2 bizikleta eta desfibrilagailua).
Aurten nobedade bat dugu: Karmengo Amaren egunean egingo den Marmitako Lehiaketa, zein Santurtziko Parke Nagusian prestatu beharko den oso-osorik, bertara hurbiltzen diren guztiek ikusteko moduan.
Asko dira programatutako ekitaldiak. Horregatik, neurri bereziak hartu dira jai-gunea garbi egon dadin eta jaietako egun handi hauek txukun eta garbi goza ditzagun.
Trafikoan aldaketak egongo dira. Izan ere, trafikoa toki eta ordu batzuetan eten egingo da, Udal Aldizkariaren bidez jakinarazi genuen bezala (20.000 bat ale banatu genituen).
Jaietan beraz, trafikoa eten egingo da:
1. Uztailaren 11tik 24ra Reina Victoria pasealekua itxita egongo da ibilgailuetarako, eta aparkatuta dauden autoak bertatik kendu beharko dira.
2. Uztailaren 13tik 22ra debekatuta egongo da portuko Bolintxe gunean aparkatzea 18:00 eta 06:00en artean.
3. Uztailaren 13an urteroko sardinada dela-eta, 15:00etatik 24:00etara Mendizabal kapitaina eta Juan XXIII kaleak trafikorako itxiko dira, eta aparkatuta dauden autoak bertatik kendu beharko dira.
Honen inguruko argibide gehiago nahi baduzu, jarri harremanetan Serantes Kultur Aretoa Autonomiadun Erakundearekin 94.420.58.50 telefono zenbakira deituz edo presidencia@serantes.com helbidera e-posta idatziz.