Serantes Kultur Aretoak eta Santurtziko Jai Batzordeak egitarau bikaina aurkeztu dute Santurtziko jai nagusiak ospatzeko, 196 ekitaldi bildu baitituzte jaietan ondo baino hobeto pasatzeko. Karmengo jaiak uztailaren 13an hasi eta 22an amaituko dira. Aipatutakoez gain, Santurtziko zenbait taldek eta erakundek hartu dute parte jaien antolakuntzan, esate baterako: Santurtziko Txosnaguneak, euskal dantza-taldeek, kirol-klub hauek: futbol-, saskibaloi-, igeriketa-, pilota-, areto futbol-, tenis-, padel-, ehiza eta arrantza- eta xake-klubek, irrati-kontrolak, belak, San Jorge parrokiak, txistulari- eta musika-bandek, arte plastikoko udal-tailerrek, dantza-akademiek, hainbat emakume-taldek eta herritik kanpoko erakunde batzuek, hala nola, SOS Bilbaok,…
Jaietako hamar egun hauetan herriak kalitate, tradizio, aniztasun eta berezitasunaz gain, jai-gune aparta (erdi-gunean dagoenez, ekitaldiak elkarrengandik gertu egiteko aukera ematen du), kontzertu-kartel bikaina eta kuadrillen giro paregabea eskainiko ditu, zeinek gure herriko kaleak kolorez jantzi eta alaitasuna erruz zabaltzen duten hurbiletik ikusteko aukera dutenen artean.
Aurten ekitaldi aldarrikatzaile gisa, batukada feministek “Jakizu, bai esaten ez badut, ezetz esaten ari naiz” lelopean egingo duten kalejira dago. Bertan lau batukadek hartuko dute parte, Bizkaiko hiruk (Mamiki, Lurrikara eta Batukandre) eta Somsó batukada katalanak. Festa-ekitaldi aldarrikatzaile honek eraso matxistarik gabeko jaiak lortzea du helburu. Herri osoan ibiliko da 19:00etatik aurrera Casa Torre jauregitik abiatuta. Herriko emakume eta feministen elkarteek zein kuadrillek bere egin dute Jai Batzordeak antolatutako ekimen hau eta ziur gaude oso jendetsua izango dela.
Gainera, antzerkiak garrantzi berezia izango du aurtengo jaietan. Horrela bada SERANTES KULTUR ARETOA antzokian, uztailaren 14an 20:30ean “Por los pelos” komedia ikusteko aukera izango dugu. Arrakasta handia lortu du, izan ere, Amerikako Estatu Batuetan ere antzeztu dute. Bertan umorea, intriga eta publikoa uztartzen dira, ikusleek antzezleei inprobisarazten diete, eta antzezlanaren amaiera erabakitzen dute. Kale-antzerkiak hiru antzezlan bikain eskainiko dizkigu, hirurak publiko ororentzat: JULE, non umore eta fantasiaren bidez maitasuna eta adiskidetasuna berreskuratzeaz arituko zaigun eta KALE GORRIAN, tragikomedia euskaraz. Azken honetan umorez erakutsiko digute adineko bikote batek nola egiten dion aurre bizitzari etxebizitza galdu ostean. Hirugarrena BABO ROYAL ikuskizuna da, non jauregi bateko festa ikusiko dugun: errege aldartetsua, koblakari bat… festako gonbidatuak nor-eta ikusleak izango dira.
Jaiak ostiralean hasiko dira, hilak 13, urteroko omenaldiarekin. Oraingo honetan herrian, batez ere Mamarigan, izugarri maitatua den erakunde batek jasoko du omenaldia: MAMARIGAKO ETORKIZUNA dantza-taldeak, aurten berrogei urte betetzen ditu-eta. Eurekin batera Geldiezinak kuadrillari ere egingo zaio omenaldia, 15 urtetik gora baitira gure jaietan parte hartzen hasi zirela.
Egun horretan bertan, arratsaldean, Itsasalde eta Juan XXIII kaleetako ostalariek 1.000 kilo sardina baino gehiago erreko dituzte, santurtziar zein gure herrira hurbiltzen diren guztiei eskainiz dagoeneko tradizionala den SARDINADA HANDIAN, izan ere, 25 urte baino gehiago joan dira ekitaldia lehenengoz ospatu zenetik.
Aurten, Santurtzin ohi denez baina ez horregatik garrantzi txikiagokoa, KONTZERTU handiak izango dira doan gauero arrantza-portuan. Azken urteotan bezala, gune bat gordeko da gurpildun aulkia behar duten ahalmen urriko herritarrentzat. Horretarako, Santurtziko ADISA elkartearekin jarri behar da harremanetan haientzat beren-beregi prestatutako tokian plaza bat eskatzeko.
Kontzertuak ikusi
Karmengo itsas-prozesioa jaietako ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Egun horretan 30.000 bat lagun biltzen dira lehorrean prozesioa ikusteko, eta ehun baino gehiago izaten dira itsasoratu egiten diren ontziak hildako arrantzale santurtziarrei lore-eskaintza egiteko. Iaz bezala, Serantes Kultur Aretoak 172 txartel zozketatu ditu Santurtziko beste horrenbeste herritarrek itsasoan egingo den segizio ofizialean parte hartzeko aukera izan dezaten.
Bitxia da Santurtzi bezalako inguru industrial batean, Santurtzi 100 urte baino gehiagoz itsas tradizioari eusteko gai izan izana, izan ere, prozesio hau penintsulako zaharrenetakoa da.
Jai hauetako erreferente nagusienetako bat inguru honetan aitzindaria izan den kuadrillen mugimendua da, jaietan oso inplikazio handia du eta. Herritar ugari dira mugimendu honen parte, bai antolatzen dituzten proba dibertigarrietan: balandroak, play back… eta bai Gorka sairen banaketa-ekitaldian ere, non Oscar sarien ildoari jarraituz, kuadrilla eta kuadrillakiderik onenak aukeratzen diren. Orain arte 54 kuadrillek eman dute izena helduen taldeetan, eta 23 umeenetan, baina izena eman nahi dutenak oraindik garaiz daude, jaietako lehenengo egunera arte epea zabalik dago eta.
Su artifizialak uztailaren 16an izango dira 22:30ean Pirotecnía Zaragozanaren eskutik.
Santurtziko jaiek bultzada ekonomiko handia ematen diote urtero herriari, 300.000 mila lagunetik gora ibiltzen baitira herriko kaleetan, eta horrek diru-sarrera handia ekartzen gure herriko zenbait sektoreri.
Egitaraua ikusi