Herritarrek Itsas Prozesioan parte hartze handiagoa izatea nahi dugu. Horretarako, azken urteotan Udalak kontratatutako ontzietan joateko txartelak zozketatzeaz gain, erraztu egiten ditugu ontzi pribatuek Prozesioaren itsas segizioan parte hartzeko egin behar dituzten izapideak.
Ontzietan joateko zozketan parte hartzeko Casa Torre Jauregiko atarian dauden papeletak bete behar dira, herritar bakoitzeko bat, eta bertan dagoen kutxa batean sartu. Ekainaren 30era arte dago epea zabalik, 9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Santurtziar guztiek ontzietan inoiz joateko aukera izan dezaten, zozketatik kanpo geratuko dira iaz txartela jaso zuten guztiak.
Zozketa uztailaren 2an egingo da eguerdiko 12:00etan Casa Torre Jauregiko Higarillo Aretoan, eta uztailaren 5ean sarituen izenak emango dira jakitera Serantes Kultur Aretoaren webgunearen (www.serantes.com) iragarki taulan zein Casa Torre Jauregiko atezaintzan zerrenda argitaratuz.
Bestetik, Karmengo Itsas Prozesioaren segizio ofizialean parte hartu nahi duten ontzien jabeek Serantes Kultur Aretoan eman behar dute izena, Casa Torre Jauregian (Sabino Arana k., 5) 2012ko ekainaren 14a baino lehen. Horretarako, eskaera orria bete ez ezik, erantzukizun zibileko asegurua eta nabigatzeko ziurtagiria ere aurkeztu behar dituzte.
www.serantes.com webgunearen bidez ere eman daiteke izena (online izapideak) edo presidencia@serantes.com helbide elektronikora mezua bidaliz, bai eskaera orria eskuratu eta betetzeko, bai izena emateko ezinbestekoak diren agiriak helarazteko.
Santurtziko Karmengo Amaren Prozesioa jaietako ekintzarik kutunenetakoa da santurtziarrontzat. Izan ere, ehun urtetik gora dira urtero uztailaren hamaseian Karmengo Ama ontziratu eta itsas zabalera eramaten dela hildako arrantzaleen omenez lore eskaintza egiteko.
Horrez gain, gogorarazi nahi dizuegu atzo bukatu zela jaietako kartelak aurkezteko epea, eta lan guztiak ekainaren 7tik 14ra facebook eta tuentin erakusgai egongo direla herritarrek gogokoen dutenaren alde bozka dezaten. Serantes Kultur Aretoaren webgunearen bidez ere (www.serantes.com) sar daiteke aipatutako bi sare sozial horietara.
Hala ere, argi utzi nahi dugu bozketa honen emaitza berez erabakigarria izango ez den arren, epaimahaikideek aintzat hartuko dutela herritarrek agertutako iritzia Karmengo Jaietako kartela aukeratzen dutenean.
Informazio handiagoa jaso nahi baduzue, Serantes Kultur Aretoaren telefono zenbakira dei dezakezue (94.420.58.50) 9:00etatik 14:00etara.