Serantes Kultur Aretoko Presidentea den Danel Bringas Egilior jaunak 2013ko Karmengo jaietako kartelen lehiaketako erabakia jakinarazi du Casa Torre Jauregian ospaturiko ekitaldi batean, eta bertan egon dira lehiaketan parte hartu duten egileetako asko.
Lehiaketara 29 lan aurkeztu dira eta jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea, 1.000 euroko saria jaso duena, Asier Uceda Royo eta Rubén Justicia Ucedarena izan da, biak Santurtzikoak, eta kartelaren protagonistak Mentxu, gure kaio maitagarria, eta gure herriko ikurrak diren sardina ospetsuak dira.
Accesitak, 200 euroko sari bana jaso dutenak, hurrengoak izan dira: bata, Santurtziko Naiara Iglesias Alcaidek aurkeztutako kartela, sardinera eder baten silueta eta gure bihotzeko Sotera, biak jaietan dagoen portuan. Bestea, Gorlizeko Beltzane Crespo Iturregik egindakoa da eta egile honek botoi batzuk eta zapi bat olatu artean olgetan dabilen sardina bihurtu ditu.
Bestetik, Itsas Prozesioan parte hartze handiagoa izan dadin, azken urteetan, Santurtziko biztanleen artean hainbat txartel zozketatu dira Serantes Kultur Aretoak kontratatutako ontzietan joateko, eta, gainera, aukera ematen zaie ontzien jabeei Itsas Prozesioaren segizioan joateko.
Ontzietan joateko Casa Torre Jauregiko atarian zozketarako papeletak daude eta bete ondoren, herritar bakoitzeko bat, bertan dagoen kutxa batean sartu. Epea uztailaren 4an amaituko da eta zabalik egongo da 9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Santurtziar guztiek joateko aukera izan dezaten, iaz txartela jaso zutenak zozketatik kanpo geratuko dira.
Zozketa uztailaren 5ean izango da, eguerdiko 12:00etan Casa Torre Jauregiko Higarillo Aretoan eta uztailaren 9an, 12:00etatik aurrera sarituen izenak emango dira jakitera, webgune honetako (www.serantes.com) iragarki taulan zein Casa Torre Jauregiko atezaintzan zerrenda argitaratuz.
Santurtziko Karmengo Amaren Prozesioa jaietako ekintzarik kutunenetakoa da santurtziarrontzat. Izan ere, ehun urtetik gora dira urtero uztailaren 16an Karmengo Ama ontziratu eta itsas zabalera eramaten dela hildako arrantzaleen omenez lore eskaintza egiteko.