Igande honetan, hilak 26, 13:00etan, Santurtziko Emakumeen Aurreskuaren mendeurrena ospatuko da parke nagusian.
1921ean, Udalak Abrako bandera irabazi zuten arraunlariak omentzeko ekitaldi bat antolatu zuen, eta han “neska” batzuek aurreskua dantzatu zuten euren omenez. Aurresku hori historiarako geratu zda; izan ere, filmatuta dagoen emakumezkoen aurresku bakarra da.
Ikerketa sakon eta ikasketa zorrotz baten ondoren, Mendi Alde dantza taldeak erreskatatu zuen eta 2017an taularatu zuen Itsasoko Ama Arraun taldea omentzeko bere 50. urteurrenagatik. 2018an Karmengo jaietako kuadrillakide ohiak omendu zituzten eta 2019an ligako harri-zulatzaile txapeldunak.
Oraingo honetan, omenaldia Mendi Alde dantza taldeari egingo zaio, 60 urte bete dituelako, eta erraldoi eta buruhandien konpartsari, 25 urte bete dituelako. Orain mendeurrena ospatzen ari garen 1921eko data horrekin bat eginez, Itsasoko Ama Arraun Elkarteari ere omenaldia egingo zaio bere denboraldi bikainagatik eta, urte hartan bezala, etxera bandera berri bat ekartzeagatik, Kontxarena, onena.