35 urte joan dira demokraziaren babespean Santurtziko jai herrikoiak berreskuratu zirenetik, eta Karmengo jai batzordeko kideek urte “borobila” iritzi diotenez, buru-belarri ari dira berau ospatzeko lanean.
Urteurrena ospatzeko, Santurtziko Karmengo Jaietan erakusketa bikaina antolatuko da, non atzera begiratuz, XX. mendearen hasieratik hona Santurtziko jai nagusiek bizi izan duten bilakaera jasoko den. Horrela bada, Francoren garaian nozitutako aldaketa erakutsiko da, bai eta demokraziak jaiak eraldatzeko emandako aukera ere, gaur egun ezagutzen ditugun jai erakargarriak ekarriz.
Erakusketa hau prestatze aldera, bandaloentzako bando ezagunaren bidez (parte hartzea sustatzen zuen garai haietako tresna eta hurrengo lerrootan azalduta bera) laguntza eskatuko zaie erakusketa honetarako materiala duten guztiei, bai eta koadrilen errolda egiteko informazioa ere, urte horietan guztietan gure jaietan parte hartu duten guztiak egon daitezen.
Horrez gain, 2014ko Karmengo Jaietako lehenengo larunbaterako jarduera bereziz osatutako programa prestatzen ari gara, eta aipatutako errolda hori lagungarri izango zaigu urte hauetan guztietan jaietan protagonista izan direnen parte hartzea antolatzeko.
Bandaloentzako bandoa
ADITZERA EMATEN DA:
KARMENGO JAIAK antolatzen ari garela, eta konturatu garela denborak aurrera etengabean, egunak asteak direla, asteak hilak eta hilak urteak. Buff, 35 urte joan dira gure herrixka eder honetan jai herrikoiak egiten hasi ginenetik eta urte luze horietan Mentxu, koadrilak, txosnak eta parranda ekarri ditugu Santurtzira.
Eta batek dio: Aizue, hau ospatu beharra dago!!! Eta denok aho batez: Ados!!!… eta beste batek: baina guk bakarrik? Eta besteok: Bai zera!!! Hau denon artean aterako dugu!!!!
Eta horretan ari gara, erakusketa bat egin eta koadrila beterano guztiak batu nahi ditugu – koadrila bete-sano: garai hartan kirolari baitzebiltzan bigantxen aurrean korrika– egun batean dena emanda elkarrekin gozatzeko asmoz (egun bakar batean, batzuk guraso serioak dira eta).
Orduan, denei deitu behar zaie, baina ai ama! telefonoak gorde behar zituenak ez du ezer gordeta, eta gainera, gutxik dute garai hartako zenbaki bera. Tira, hobe bandaloei bandoa bota eta kito.
Lehenengo eta behin.- Makina bat argazki eta bideo ditugun arren, ez ditugu ez urte guztietakoak (baina ba al zegoen, akaso, 79an bideorik?), ez mobida publiko edo pribatu guztietakoak. Beraz, makro-erakusketa honetarako zure laguntza behar dugu. Utziguzu daukazuna, guk kopiatu eta itzuli egingo dizugu, gero erakusgai jarri, eta listo. Eta ez baldin badaukagu, bada… hor konpon!!!
Eta gero – ERROLDA BEREZI SAMARRA muntatuko dugu ordenagailuan datu-base txukuna sortuz, jaietan parte hartu duzuen lagun jator eta ez hain jator guztion fitxa izateko (batzordeak, elkarteak, koadrilak…). Denoi deitu eta egun borobila antolatuko dugu jaietako lehenengo larunbaterako (hori ere zehazteko dago) aspaldiko lagunontzat. Den-dena Las Vegasera txangoa bailitzan (*).
Orduan zer? Plana aldeko baduzu eta parte hartu edo zerbait esan nahi badiguzu, deitu etxetik 944205850 edo kaletik 657735600 telefonoetara. Eta helbide elektronikoetan hona hemen gurea: programacion@serantes.com
Tira, esan eta egingo dugu, eta aditzaile onak hitz gutxi behar duenez: GORA SANTURTZI HERRIXKA EDERRA!!!!
Herriko jai batzordea
(*) Kalero zaharrean dagoen toki bat, bainatzeko erabiltzen genuena, gaur egun Bilboko? superportuak estalita –gure kostalde osoa bezala