Karmengo Amabirjinak, urtero uztailaren 16an Santurtziko itsas-prozesio tradizionalean Karmengo Amaren irudia eramaten duen ontziak, 10 urte bete ditu. Ontzia Serantes Kultur Aretoaren ekimenari esker eraiki zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean eta udalerriko zenbait elkarte eta San Jorge parrokiaren laguntzaz, denek elkarrekin egin baitzuten lan herriaren tradizioari euste aldera herritarrek ekarpenak egin zitzaten eta horrela, Santurtziko zaindariak ontzi propioa izan zezan.
Duela 10 urtera arte Portugaleteko txalupariei alokatu behar izaten zitzaien ontzia eta egun horretan dotore apainduta, Karmengo Amaren irudia bertan igo eta itsasoratu egiten zen. Karmengo Amaren itsas-prozesioa 1907an egiten hasi zenetik, oraingo ontzi hau udalerriak izan duen hirugarrena da. Pedro Mari Gómez Gutierrez Peruk, Luis Mª Arriola Ontorioa Pilotok eta Jose Antonio Tajada Ortizek arreta eta ardura handiz zaintzen dute Karmengo Amaren ontzia. Boluntario hauek Karmen egunean ontzia gidatu ez ezik, Serantes Kultur Aretoaren babespean egiten diren itsas-txangoak egiten dituzte, non 6. mailako herriko eskola-umeei Santurtziren itsas-tradizioko historiaren berri ematen zaien.
Horiez gain, urte hauetan ontzia errekan egin diren hainbat turismo-, oroitzapenezko eta kirol-jardueretarako ere erabili da, izan ere, Santurtzin hamar urte hauetan makina bat aldiz erabili da arestian aipatutako jardueretarako. Karmengo egunean ohiko eskifaiak ez ezik, 16 arraunlarik itsasoratzen dute ontzia arraunari gogor eraginez. Horrela bada, Andra Mariaren irudia itsasoraino eramaten dute lore-eskaintzaren tradizioari eusteko. Ontzia XIX. mendeko ohiko ontzi baten kopia da, errekaren inguruan salgaiak eramaten zituzten horietako baten kopia hain zuzen. Eder-ederra da eta nabigatzeko ezin egokiagoa da, hain da egonkorra eta itxura bikainekoa, ezen Karmengo Amaren irudia ederto eraman daitekeen bertan. Karmengo Ama Birjina oroitzapenezko ontzia da, helburu horrekin eraiki zen eta. Bizkaian bera da bakarra, eta Santurtzi harro dago horrelako bitxi bat izateaz.