Erakusketak Karmengo jaietako 1979tik iaz arteko une gogoangarrienak jasoko ditu zenbait taulatan.
Argazki, bideo eta azalpenen bidez gaur egungo jaietako jarduera eta pertsonaia garrantzitsuenen jatorria ezagutuko dugu, esate baterako, Mentxu edo balandroen estropadak. Horrez gain, gazteegi zendu zen Luisma Cabañerosek, “Batzordeko kamerariak”, 1991etik jaietan bideoan jasotako grabazioak ere egongo dira ikusgai.
Horiez guztiez gain, erakusketan urte luze hauetan hainbat herritarrek sortu eta Jai Batzordeak bildutako material grafiko ugari ikusteko aukera egongo da. Hala ere, askoz gehiago dira jaso gabe daudenak, batez ere jaietako hasierako urteetakoak. Lanean jarraitu beharko da bizi izandakoa herriaren memorian gordeta gera dadin. Horrela bada, batzordeak herritarrei argazkiak, bideoak eta agiriak helarazteko eskatzen die behar bezala kopiatu eta gordetzeko etorkizunean egingo diren erakusketetan erabiltzeko.
Horren bidez, bereziki, jaiak antolatzen jardun duten hainbat lagunen lan anonimo eta eskerga aitortu nahi dugu, eta orokorrean, jaiak burutzean nola edo hala parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu izan duten eskuzabaltasuna eta jarritako gogoarengatik eta honaino “onik eta osorik” heltzen laguntzeagatik. Den-denek dute izena, askok ezizena eta guzti, baina gure jaien izaeraren kontrakoa litzateke zerrenda egitea, gainera, luzeegia izango litzateke. Beraz, ESKERRIK ASKO SANTURTZI, besterik ez.
Santurtziko Jai Batzordea
Ekainaren 27tik uztailaren 21era
Ordutegia: 9:00 – 14:00
18:00 – 21:30