Aurten ere bete dira Santurtziko Karmengo jaiek sortu ohi dituzten espektatibak, berriro ere lortu da-eta Euskadiko onenetakoak izatea.
Serantes Kultur Aretoak, Santurtziko Udaleko Kultura Erakundeak, eta Jai Batzordeak antolatu dute jai-egitaraua eta 150 jardueratik gora prestatu dituzte, den-denak egitarauan adierazitako orduan hasi direla, puntu-puntuan. Bertan behera geratu den jarduera bakarra astelehen arratsaldeko haur-parkea izan da, oso eguraldi txarra egin zuelako.
Orokorrean hirurehun eta berrogeita hamar mila lagun baino gehiago ibili dira hamar egun hauetan jai-gunean.
Esan bezala, jaiak oso arrakastatsu gertatu dira, batez ere santurtziarrek erakutsi duten inplikazioagatik, eurak baitira, elkarte, erakunde eta Txosna Batzordearen bidez, jaietako herena baino gehiagoren eragile eta egileak. Gauza jakina da kuadrillak ere garrantzitsu baino garrantzitsuagoak direla jaia hamar egunez eta egun osoz piztuta izateko. Hala ere, aurten errekorra hautsi egin da: 49 heldu-kuadrilla eta 31 haur-kuadrilla aritu dira kalea girotzen, guztira 1.117 lagunetik gora, hau da, inoiz baino kuadrillakide gehiago.
Urtero bezala, kontzertu bikainak gozatu ditugu. Nabarmentzekoa da Juan Maganek emandakoa, non 40.000 bat lagun elkartu ziren kontzertu-gunean bertan eta 100.000 lagun Interneten. Manuel Carrascorena ere sekulakoa izan zen, 25.000 lagunek hartu baitzuten parte. Kontzertu honetaz nabarmentzekoa da Santurtziri eskaini zion kanta, sare-sozialetan oihartzun handia lortu duena. Horiez gain, Morat eta La Modaren kontzertu bikoitzean ere jende ugari batu zen.
Hurrengo hauek izan dira jende gehien bildu duten ekitaldiak:
– Sardina-eguna: Aurten inoiz baino jende gehiago egon zen. Udalak 24 paila utzi zizkien ostalariei sardinak erretzeko eta 1.000 kilo baino gehiago banatu ziren.
– Karmengo Prozesioa: ehun ontzitik gora hartu zuten parte itsas-prozesioan eta kaian 30.000 bat lagun elkartu ziren prozesioa lehorretik ikusteko.
Bestalde, Santurtziko Karmengo jaiak gorabehera azpimarragarririk gabe burutu dira udal-zerbitzuen koordinazioari esker, gai izan baitira jaiak behar bezala bizi zitezen, jai garbi eta seguruak lortuz.
Azkenik, aipatu nahiko genuke jai-egitaraua aberastu egin dela gure herrira euren lan artistikoa erakustera gerturatu diren kale-artista bikainei esker, izan ere, publikoak izugarri gozatu du euren lana ikusiz. Esan beharra dago gero eta gehiago direla gurera gerturatzen diren kale-artistak, jakin badakitelako makina bat ikusle izango dituztela Santurtziko kaleetan. Horrela bada, poliki-poliki ari dira Santurtziko Kamengo Jaietako panoraman tokia hartzen.
Igandean, uztailak 17, Mentxuren Agurraren aurretik mila lagun baino gehiago elkartu ziren Gorka sarien banaketarako, hau da, Santurtziko kuadrillek antolatzen duten Oskar sarien galaren estiloko ekitaldirako, non zenbait kuadrilla eta kuadrillakideri sariak banatzen zaizkien. Hona hemen Gorka sarien aurtengo irabazleak:
1.- HAUR-KUADRILLEN JANZKERARIK ONENA: GERLARI NESKAK
2.- HAUR-KUADRILLAKIDERIK ONENA (NESKATOAK): IZADI (GAUTXORIAK)
3.- HAUR-KUADRILLAKIDERIK ONENA (MUTIKOAK): BUSTI (R KE R JUNIOR)
4.- HAUR-KUADRILLARIK ONENA: SUNTZIEZINAK
5.- ARGAZKIRIK ONENA: JARRA Y PEDAL
6.- JANZKERARIK ONENA: KATXI 300
7.- EMAKUMEZKO KUADRILLAKIDERIK ONENA: MAIDER (SORROMORROPIKOTAIOKE)
8.- GIZONEZKO KUADRILLAKIDERIK ONENA: ENEKO (GIN TEAM)
9.- KUADRILLARIK ONENA: GIN TEAM