Santurtziko Nazioarteko XXXII. Antzerki Jaialdia urriaren 27an hasi eta azaroaren 26an amaituko da. Jaialdi hau Santurtziko Udalak Serantes Kultur Aretoaren bidez antolatzen dituen ekitaldi kultural garrantzitsuenetako bat da. Izan ere, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdia Bizkaiko jaialdirik handiena da zalantzarik gabe; batetik, gure lurraldeko zaharrena delako (32 urtez egin da hutsik egin gabe) eta bestetik, eskaintzen dituen lanak neurrizko prezioan egoteaz gain, kalitatezkoak eta anitzak direlako.
Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak oraingo honetan 16 ikuskizun eskainiko dizkigu, besteak beste, Mozarten “La flauta mágica” opera eta Rafael Amargo flamenko-dantzariaren “Solo y Amargo” ikuskizuna.
Horrez gain, aurtengo Jaialdian antzerki-munduko antzezle ospetsuak izango ditugu, hala nola, Gemma Cuervo, Emilio Gutierrez Caba, Maria Adanez…
Nabarmentzekoa da Kukubiltxo konpainiak estreinatuko duen “Inorako bidaia” antzezlana, Santurtziko historian izandako gertakari batean oinarritua.
Haurrek ere tokia izango dute jaialdian. Horrela, eurentzako propio egindako bi ikuskizun bikain eskainiko zaizkie, antzerki-lan bat euskaraz: “Ilargiaren bi aldeak” Hika Teatro konpainiarena eta dantza-antzerki bat: “Barroco”, Piazza D´ocassionne konpainia italiarrak egingo duena. Ikuskizun hauetarako sarrerak 3 eurotan salduko dira.
16 eta 25 urte arteko gazteek lau antzezlan ikusteko abonu bat eskuratzeko aukera izango dute 8 eurotan. Lanak “Sensormen”, “Time al Tiempo”, “Plecs” eta “Inorako bidaiak” dira, denak itzal handiko antzerki-konpainiek egindakoak.
Horrez gain, Euskal Antzoki Sarearen (SAREA) batzar nagusia egingo da, eta bertan Euskadiko udal antzokietako ordezkariek hartuko dute parte.
Sarrerak merke-merkeak dira, gainera, guztiak ikusteko abonu bat egongo da salgai 100 eurotan. Abonuaren prezioan baina, ez dira haurrentzako ikuskizunak sartuko, hauetarako beste sarrera batzuk erosi beharko dira.
Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak hainbat eszena- emanaldi eskainiko ditu, hala nola, beldurrezko antzerkia, komedia, klasikoa, dantza-antzerkia, musika-antzerkia, opera, flamenkoa… Izan ere, jaialdi honek eklektizismoa bere egiten du, horixe baita Santurtziko antzerki-jaialdiak duen nortasunaren ardatz nagusienetako bat.
Egitarau osoa ikusi