Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren XXXIII. Edizioa urriaren 19an hasi eta azaroaren 25ean bukatuko da, urtero bezala, Serantes Kultur Aretoan.
Antzerki Jaialdi hau, Bizkaiko antzerki jaialdietako zaharrena, Santurtzin egiten diren kultura-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Serantes Kultur Aretoak antolatuta dago eta kalitate handiko antzezlanak biltzen ditu neurrizko prezioan. Izan ere, horixe izan da jaialdiaren nortasunaren ardatz nagusia hogeita hamahiru urte hauetan, eta horrexegatik jaso ditu Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta babesa.
Santurtziko Antzerki Jaialdiaren egitarauak aurten hamasei ikuskizun ekarriko dizkigu, besteak beste ikusgai izango ditugu Bizeten “Carmen” opera, “Esta noche no estoy para nadie” antzerki/musikala eta Dantzaz Konpainiak eskainiko digun “Artean” izeneko dantza garaikideko ikuskizuna, non programa hirukoitza aurkeztuko zaigun: “Earth apples” Mercedes Sosaren musikak lagunduta, “A place between” teknika bikaineko lan ederra eta “Flash de luxe” kapoeiran egiten diren mugimenduetan eta txalaparta-musikan oinarrituta.
Jaialdi honetan antzerki-munduko antzezle garrantzitsuenetako batzuk izango ditugu, esate baterako José Sacristán, Kiti Manver, Eloy Arenas, Fontseré (Els Joglars) eta baita telebistako beste batzuk ere, hala nola, Gisela kantaria (Operación Triunfo).
Umeek familia osoak elkarrekin ikusteko moduko bi antzezlan izango dituzte euskaraz, “Ali Baba eta 40 lapurrak”, ipuin ezagunean oinarrituta, eta “Printzea eta ahatea” antzezlana, Gorakada Konpainia ospetsuaren eskutik. Ikuskizun hauetarako sarrerak 4 eurotan egongo dira salgai.
16 eta 25 urte arteko gazteek hiru emanaldi ikusteko txartel berezia eskuratzeko aukera izango dute 12 euroren truke, “Zirocco” klown bikainaren ikuskizuna, “Aquí va a pasar algo” Zanguango Konpainiaren obra ederra eta “Lingua Nabarjorum” komedia euskaraz, non euskal antzezle ezagun bi ikusiko ditugun, Patxo Telleria eta Mikel Martínez.
Antzerki Jaialdirako sarrerak merkeak dira, eta gainera ikuskizun guztiak ikusteko abonamendua egongo da salgai, 115 eurotan. Abonamenduaren prezioan baina, ez dira umeentzako ikuskizunak sartuko, hauetarako beste sarrera batzuk erosi beharko dira.
Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak eszena-ikuskizun anitza eskainiko digu, hala nola, komedia, thrillerra, antzerki soziala, dantza-antzerkia, musika-antzerkia, opera, dantza garaikidea eta abar, Bizkaiko Antzerki Jaialdirik zaharrena den honen ezaugarrietako bat publiko ororen gogoko lanak eskaintzea da eta.