Gaur egun dagoen eskaria kontuan hartuta, Santurtziko Serantes Kultur Aretoak zine-saioen ordutegia aldatuko du datorren urtean. Neurri honen bidez, herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eta hobea eman nahi zaie. Horrela bada, egunero zabalik dagoen udal zine bakarrak egunero zabaltzen segituko du aste barruan egunero bi saio eta asteburuetan hiru emanez, herritarrak batez ere asteburuetan joaten baitira zinera.
Ordutegien egokitzapen honek astean bost egunetan 22:30eko saioa desagertzea ekarriko du eta gainontzeko bi saioak ordu erdi beranduago hastea, hau da, 18:00etan eta 20:30ean. Neurri horrek zinemara jende gehiago joatea ahalbidetuko du, izan ere, zine klubeko saioetan ikusle kopurua izugarri igo zen, duela bi urte ordutegiak aldatu zirenean.
Serantes Kultur Aretoko Presidentea den Danel Bringas Egilior jaunak dioenez: “ordutegien aldaketa hori eginda, baliabideak hobeto erabiliko dira, eta udalak urtean 60.000 bat euro aurreztuko ditu, diru horrekin udalaren lehentasunak finantzatuz, gizarte-politika eta zerbitzuei eustea, alegia”.