Datorren ostiralean, apirilak 15, Mexikoko Los Guggenheim antzerki-konpainiak Alejandro Ricañoren “Más pequeños que el Guggenheim” antzezlana estreinatuko du Santurtziko Serantes Kultur Aretoan. Lan honen libretoak Mexikoko “Emilio Carballido” Dramaturgia Sari Nazionala jaso zuen.
Antzezlanak barre-algaraka jarriko ditu ikusle guztiak. Izan ere, oso proposamen komikoa izateaz gain, protagonista bikainak ditu, oholtzan gatz eta piperra erakusten duten horietakoak.
“Más pequeños que el Guggenheim” adiskidetasunari eta antzerkiari egindako omenaldia da, porrotaz hausnartzeko aukera ematen duena. Pertsonaiak hor daude, beste barik, inondik inora espero ez zuten bizimoduari ahal bezain ongi aurre egiten.
Istorio narratibo hau Mexikon eta Espainian gertatuko da. Lau lagun langabek antzerkiaren bidez arindu nahi izango dute sentitzen duten bakardadea. Antzerki eskolak amaitu ondoren, Sunday eta Gorka Europa aldera joango dira ikasitakoa praktikan jartzera. Baina handik hiru hilabetera Mexikora itzuli, eta teatroa eta adiskidetasuna bertan behera utziko dituzte. Urteak joan urteak etorri berriro elkartuko dira euren bizitzari zentzua topatzen lagunduko dien obra bat egiteko. Zeregin honetan Al, albino betoker eta umezurtza, eta Jam, aktorea izateko ametsa gauzatu nahi duen mini-super bateko langilea, izango dituzte lagun.
Antzerki-bira Santurtzin hasiko da, apirilaren 16an Basaurin egongo dira, 17an Egian, Donostian, 22an Elorrion, 23an Leioan, 24an Durangon eta 26 eta 27an Barakaldon.
Argibide gehiago www.serantes.com webgunean