Santurtziko Serantes Kultur Aretoak datorren ostegunean, hilak 20, berriro ekingo dio ZINE KLUB denboraldi berriari Benito Zambranoren “La voz dormida” filmarekin. Denboraldi honetan 15 film izango ditugu, horietako bederatzi europar, bost amerikar, bat txinatarra, beste bat iraniarra eta azkenik, beste bat kanadarra. Aurtengoa XIV. edizioa izango da. Emango diren film guztiek saria jaso dute zine-jaialdi eta nazioarteko zine-erakustaldirik garrantzitsuenetan. Horrela bada, ekainaren 6ra arte, hamabostero ostegunetan bi saio egongo dira, bata 18:00etan eta bestea 20:30ean. Sarrera bakoitzeko 2 euro ordaindu beharko da.
Zine-klubean aurten denetiko filmak emango ditugun arren (hainbat herrialde eta generotakoak edo zuzendari desberdinenak), denek dute komunean leitmotiva, film guztietan gizarte-gaiak jorratzen baitira eta aktore ezagunek egiten baitute horietan lan. Batzuk zirkuitu komertzialetan normalean ikusten ez diren filmak dira.
Azken urteotan Santurtziko zine-klubeko ikusle kopuruak gora egin du. Izan ere, lehen SKAko areto txikietako batean jartzen ziren, 192 eserlekukoa, gaur egun, berriz, 600 eserlekudun aretoa behar da filmak emateko.
Zine Klub formatua aldatuz joan da. Hasieran zikloak urtean bizpahiru astetan egiten ziren, gero 2004an bazkide-txartela abian jarri zenean bi seihilekotan. Horrez gain, zikloak nolabait taldeka biltzen ziren, egileka, generoka, jatorrizko bertsioka… Azken urteotan erabaki da saria jaso duten filmak ematea, munduko zine-jaialdi eta erakustaldietan arrakasta izan duten filmak hain zuzen.