– Tabernek, saltokiek eta eskolek, denek hartuko dute parte Santurtziko film laburren jaialdiaren edizio berrian, irailaren 23tik urriaren 15era.
– 30 film labur eta 4 film luze ikusiko dira Santurtziko 9 lokaletan lau astez. Zenbait tabernatan Saregabe, film labur alternatiboetarako atal berria eskainiko da, bakarrizketek eta zuzeneko musikak lagunduta.
– Programazioa santurzine.es webgunean kontsultatu daiteke.
Abian da Santurzine, Santurtziko film laburren jaialdiaren edizio berria. Laugarren urte honetan hamaika berrikuntza egongo dira, guztira 26 film laburrek hartuko dute parte bi atal ofizialetan (Santurtzi eta Estatukoa) eta Saregabe atalean, lehiaketaren arauetatik kanpoko lanetarako atalean alegia, non ikusleei bestelako “esperientzia” eskaintzen dieten zenbait film labur alterntibo emango diren bi egunetan, zuzeneko musika, bakarrizketak eta guzti. Film laburrak udalerriko sei tabernatan eskainiko dira: Harold, Music, Sound Place, Travel Corner, Miramar eta Wagon tabernetan.
Horrez gain, aurreko edizioan lehenengoz agertu zen Euskal Pantailak atalak ere tokia izango du, aurten nabarmenago. Euskal Herrian ekoiztutako lau film luze ikusi ahal izango dira gure zinearen ezaugarrien erakusle gisa: komertzialak edo independenteagoak, klasikoak edo berriak, handiak eta txikiak. Aurten Serantes saria euskal zinearen aberastasunaren isla argia izango da, izan ere, Euskal Herriko zinean ibilbide garrantzitsua izan duen norbaiti emango zaio, datorren astean ezagutaraziko da nori.
Atal honen lehenengo filma Mikel Rueda zuzendariak aurkeztutako “A escondidas” (2014) izango da eta Kresala Aretoan ikusiko da urriaren 2an (igandea). Urriaren 6an, osteguna, dagoeneko klasiko bihurtu den film bat izango dugu, Pedro Oleak 1984an zuzendutako “Akelarre” filma hain zuzen. Filmaren errealizadorea ere Kresala Aretoan egongo da istorio interesgarri honi buruz hitz egin eta bere karreraren berri emateko. Filmak hasi aurretik Ruedak eta Oleak film labur bana aurkeztuko dute: “Agua!” (2013) eta “Zonbi eguna” (2015) hurrenez hurren.
Urriaren 13an Lara Izagirre eta bere taldea SKAn egongo dira “Un otoño sin Berlin” filmaren emanaldian. Honakoa 2015ean estreinatu zen film espainiar bitxia da, hainbat zine jaialditan ikusi zena (Zinemaldia kasu). Irene Escolarrek, filmaren protagonistak, Goya saria irabazi zuen film honi esker.
Aurten Oriol Jauregian, Santurtzi eta Portugalete arteko mugan dagoen hotelean, jaialdiaren film bat estreinatuko da: “Baile en el sindicato” (2016). Gerra Zibilean girotutako drama honetan bi emakumeren arteko maitasun istorioa ezagutuko dugu. Egun horretan Fran Longoria filmaren zuzendaria eta taldeko hainbat kide ere egongo dira bertan.
Herriko zinea ataleko parte-hartzea gora doa urtetik urtera
Santurtzi atala, Santurtzin errodatzea sustatzen duena, da jaialdiaren arima; edizio honetan 14 lan egongo dira, iaz baino bi film gehiago eta nabarmentzekoa da lanon heterogeneotasuna.
Aurten egile asko emakumezkoak dira, euskaraz film labur bat ikusi ahal izango da eta adin guztietako errealizadoreak daude: 14 urteko nerabeak zein 50 urteko emakumeak. Santurzinek lehenengo urtetik bai zine amateurraren indarraren eta bai errealizadore berrien aldeko apustua egin du, horien adina, ezaugarriak edo baliabideak gorabehera, “denok egin dezakegu zinea” leloari jarraituz.
Bestalde, Estatuko Atalak 358 lan jaso ditu, baina bakar-bakarrik hamabik sartuko dira lehiaketarako sailkapen ofizialean.
Sariak hamar kategoriatan banatuko dira. Amaiera ekitaldia urriaren 15ean izango da eta iaz bezala, Oscar Terol izango da berorren aurkezlea. Aurten, berrikuntza gisa, ekitaldian Santurtziko Musika Bandak film ezagunen doinuak joko ditu zeremonia girotzeko.
Santurtzi dinamizatzeko proposamen berriak
26an erakusleihoen lehiaketa hasiko da: “Pantaila bat komertziorako”, non udalerriko saltokiak zinearekin lotutako apaingarriz jantziko diren, sormena muga bakarra izango delarik. Gainera, sariak irabazteko aukera ere egongo da. Jarduera hau Merkatari Batuak elkartearekin lankidetzan egingo da.
Santurzine XS ikus-entzunezko sorkuntzari buruzko heziketa-programa da. Udalerriko hiru ikastetxetan (Carmelitas, Emilia Zuza eta Mahastieta) zenbait tailer egingo dira 9 eta 12 urte arteko umeekin. Umeek, proposamen honen bidez, euren ideiak hasiera-hasieratik gauzatu eta taldean lan egiten ikasiko dute. Autogestioa, erabakiak hartzea eta rolen banaketa sustatuko da, bai eta sormena eta elkarlana ere. Eurek egindako lanak goizez egingo den ekitaldi batean erakutsiko dira eta eurak izango dira protagonista nagusiak.