Santurtziko Serantes Kultur Aretoak, bigarren hiruhilekoan, genero eta estilo desberdinetako ikuskizunak taularatuko ditu. Komediak, dramak edo tragikomediak izango dute beren lekua ikusleentzat programatu diren 7 antzezlanetan. Aurten, programazioa hiru hilean behin aurkeztu nahi izan dugu, sor daitezkeen egoera berrietara egokitzen joan ahal izateko, Covid19k eraginda.
Programazio horri esker, azken hilabeteetan estreinatu diren lan batzuk gozatu ahal izango ditugu, publikoak eta kritikak gehien txalotu dituztenak, eta ohi bezala, ikuskizun askotako protagonistak gaur egungo eszenako antzezle garrantzitsuak izango dira, Estatuan zein Euskadin.
Serantes Kultur Aretoaren prezioen politikak programazioaren eskaintza hori askoz erakargarriagoa bilakatzen du; izan ere, banakako sarreren prezio merkeez gain, 60 euroko abonua eskaintzen dute ikuskizun guztietarako (6), euskarazkoak kenduta. Gainera, Serantes Kultur Aretoko bazkideek ohiko deskontuak izango dituzte.
Sasoi horretarako sarreren salmenta aste honetan hasi da eta lehen ikuskizuna LA COARTADA izango da. Apirilean, Pabellón 6ko Gazte Konpainiaren TODO SALDRÁ BIEN lana ikusi ahal izango dugu Serantes Kultur Aretoan. Iñigo Cobo santurtziarrak idatzi eta zuzendutako lan horretako antzezle bat Itxaso Gil da, bera ere santurtziarra. INTOCABLES antzezlanak laguntasunak tragedia komedia bilaka dezakeela azaltzen du.
Maiatzean, EL ENJAMBRE antzezlan barregarria izango dugu, bai eta QUITAMIEDOS lana ere, zeinak bizitza modu poetiko, dibertigarri eta zirraragarrian berrikusteko linboa erakusten baitigu.
Euskara ere presente egongo da Tanttaka konpainiaren AMERIKETAKO BIDAIA antzezlanaren bidez.
Eta azkenik, ekainean, DE GERNIKA A NUEVA YORK PASANDO POR BERLIN antzezlana izango dugu oraingoz, Jose Antonio Agirre lehendakariari buruzkoa.
Honako hau izango da programazioa egunez egun:
04/09 LA COARTADA. Thriller psikologikoa. Dibortziatua eta atsekabetua. Alibia sendoa behar du, bere alaba bakarraren zaintza ez ezik, bere askatasuna ere kolokan dago eta. Antzezleak: María Castro, Gorka Otxoa eta Miguel Hermoso. 16 euro.
04/15 TODO SALDRÁ BIEN. Antzezlana komedia eta dramaren artean dago, hainbat gazteren begiraden bidez, 2020ko pandemiako hilabeteetan. 10 euro.
04/23 INTOCABLES. Istripu baten erruz tetraplegiko gelditu den aristokrata batek kartzelatik atera berri den gazte marjinal bat kontratatuko du bera zaindu dezan. Haien artean sortzen den adiskidetasunak tragedia komedia bihur dezake. Antzezleak: Roberto Álvarez, Malcom Treviño-Sitté… 16 euro.
05/07 EL ENJAMBRE. Barrez lehertzeko moduko komedian, txikitako lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta ezer ez da garai batean bezala; edo bai… 12 euro.
05/13 AMERIKETAKO BIDAIA. AEBetara ikasturtea egingo duten bi gazte euskaldunen istorioa, eta aurretik bizi izan dituzten esperientziak. 10 euro.
05/21 QUITAMIEDOS. Pertsona batek hil ondoren bizi duen topaketa bat da: hildakoaren gorputza hotz gelditzen den momentutik inguruko tenperaturarekin bat egiten duen arteko tarte horretan gertatzen dena. 10 euro.
06/04 DE GERNIKA A NUEVA YORK PASANDO POR BERLÍN. Lehen pertsonan kontatzen du Jose Antonio Agirrek Europa okupatuan zehar egin zuen bidaia epikoa, 1937an halabeharrez erbesteratu zenean. 12 euro.