Pazko astelehenean, martxoak 28, Santurtziko mendian Kornites eguna ospatuko da, Santurtziko Udaleko “Serantes Kultur Aretoa” Kultura Erakundeak urtero antolatzen duen festa-erromeria tradizionala.
Mazo aldean haur-parkea eta jolasak egongo dira eguerdiko hamabietatik 14:30ak arte, eta arratsaldean 16:00etatik aurrera haur-parkea ez ezik, umeek erromeria ere izango dute Basajaun taldearen eskutik 18:30ak arte.
Korniteseko erromeria aspaldi-aspalditik ospatzen da eta izena “kornite” opilarekin dago lotuta. Kornitea egun horretan mendian jaten zen opilari deitzen zitzaion, zeinek barruan ogiarekin batera egositako txorizoa edo arrautza edo biak izaten zituen. Asko dira erromeria honen jatorria azaltzen duten elezaharrak, baina ez dago horiek baieztatzeko inongo dokumentaziorik. Horrela bada, jaiaren jatorria herritar zaharrenen oroimenean dago gordeta, eta eurei galdetuta, Kornites eguneko erromeria Santurtzin betidanik ezagutu dutela erantzungo dizute.
Antzina, egun hori jai ez zenean, Santurtziko umeak bakarrik edo amak lagunduta igo ohi ziren Serantesera, arratsaldea jolasean, dantzan eta kornite xelebrea jaten emateko
Garai batean Santurtziko Udala korniteak banatzen zituen tradizioa ohitura galtzen ari zelako, baina gaur egun, herriko okindegietan saltzen dira egun horretan bertan, edo bestela, mendian ere eros daitezke.
Deigarria da Ezkerraldea hain gune urbanoa izanda, landa-inguruko tradizio honi eustea. Gainera, santurtziarrak ez ezik, Ezkerralde eta Meatzaldeko herritarrak ere igotzen dira egun horretan Serantesera erromerian parte hartzera.
Pazko astelehena Aste Santuko jai-eguna da eta gaur egun garai horretan asko herritik kanpo egoten diren arren, hamaika dira Serantesera igotzen diren herritarrak, batzuk oinez, beste batzuk bizikletaz eta badira zaldiz igotzen direnak ere. Izan ere,Seranteserako igoera publiko ororentzat da, bai kirolzale amorratuenentzat, bidezidor eta bide aldapatsuetatik gora, eta bai mendian apenas ibiltzen diren lagunentzat, errepidetik paseo atsegina eginez, egun ederra pasa baitezakete.
Batzuek egun pasa egiten dute mendian, beste batzuek, berriz, goiza edo arratsaldea besterik ez, baina nahi izatera, jatekoa eraman daiteke eta bertan dauden mahaia eta eserlekuetan bazkaria edo askaria erosoago jan. Eta eguraldia ona bada, paisaia eta ikuspegi ederrak gozatzeko aukera aparta izango duzu.