Serantes Kultur Aretoa Autonomiadun Erakundeak 2015eko Karmengo Jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketarako dei egiten du. Horretarako hurrengo oinarri hauek hartuko dira kontuan:
1. Lehiakideak:
Nahi duten sortzaile guztiek har dezakete parte lehiaketan. Egileek nahi beste lan aurkezteko aukera izango dute, baina lanek originalak eta berriak izan beharko dute, halabeharrez.
2. Gaia, modua eta formatua:
Gaia norberak aukeratu ahal izango duen arren, lanak Santurtziko Karmengo jaietako sena islatu beharko du. Kartelak jaietako publizitatea egiteaz gain, hauek ezagutarazteko bidea eman beharko du.
Kartelean ezin izango da tabako, alkoholdun edari eta abarren publizitaterik egin, ezta horrelakorik hartzera bultzatuko duen ezer agertu ere.
Kartelak 50 cm zabal eta 70 cm luze izango dira, eta kristala ez den euskarri zurrun baten gainean aurkeztu beharko dira.
Kartela egiteko erabiltzen den teknika egileak berak aukeratu ahal izango du, baina kontuan izan beharko da irabazle ateratzen den kuatrikomian argitaratuko dela. Beraz, ez erabili tinta fosforeszenterik, ezta urre eta zilar kolorekorik ere.
Egile guztiek SKA Autonomiadun Erakundera CD bat helaraziko dute, non kartelaren hiru digitalizazio egongo diren: bata, 200 kb-ko JPG bat, bigarrena mb-1eko beste JPG bat eta azkenik, bereizmen handiko PDF artxibo bat kartelak azkenean izango duen inprimatze-neurrikoa, SKAren facebook eta tuenti hormetan argitaratu eta kopiak egiteko.
Karteletan “Santurtzi jaietan. El Carmen 2015. uztailak 10 – 19 julio” leloa nahitaez azaldu beharko da.
3. Aurkezpena:
Aurkezten diren lanetan ezin izango da egilearen edo egileen izena agerian egon. Lan bakoitzarekin batera bi gutun-azal aurkeztu beharko dira itxita, kartelari atzeko aldetik itsatsita. Horietako batean egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia eta adina adierazi beharko dira, bai eta nortasun agiriaren fotokopia sartu ere. Bestean arestian aipatutako 3 digitalizaziodun CDa sartu beharko da.
Lanak Serantes Kultur Aretoko erregistroan utziko dira (CASA TORRE JAUREGIAn, Sabino Arana kalean zk. 5) astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara. Aurkezteko epea ekainaren 4an amaituko da.
4. Lanak argitaratzea
Aurkeztutako lanak facebook eta tuentin argitaratuko dira, eta horiek ikusi eta bozkatzeko aukera ere egongo da Serantes Kultur Aretoaren web gunean sartuta (www.serantes.com) ekainaren 4tik 11ra, arratsaldeko 14:00ak arte.
Epaimahaiko kideek bozketaren emaitza aintzat hartuko duten arren, berau ez da erabakigarria izango.
5. Lanen erakusketa eta jabetza:
Aurkezten diren lan guztiak, edo aukeratutako batzuk behintzat, Autonomiadun Erakundearen esku egongo dira ekainaren 21era arte, berorien erakusketa bat egiteko ekainaren 15etik 20ra, Casa Torre Jauregiaren Rompeolas Gelan.
Irabazi ez duten lanak 2015ko ekainaren 22tik uztailaren 4ra bitartean jaso ahal izango dira. Egun horretarako jaso ez diren lanak Autonomiadun Erakundearen esku geratuko dira eta honek egoki deritzon moduan erabiltzeko aukera izango du, baita botatzeko aukera ere.
Irabazle ateratzen den lana Serantes Kultur Aretoa Autonomiadun Erakundearena izango da, ez beste inorena. Horrela, Erakundeak, sariaren bidez, materialaren jabetzaren eskubidea izango du eta baita saritutako kartela zein kartela osatzen duten elementu guztiak (batera edo banan-banan) erabiltzeko eskubidea ere. Horrez gain, Serantes Kultur Aretoa Autonomiadun Erakundeak euskarri publizitario ezberdinetara egokitzeko asmoz, kartela manipulatzeko aukera ere izango du.
Era berean, Serantes Kultur Aretoa Autonomiadun Erakundeak accesitak argitaratzeko eskubidea izango du, informazioa emateko asmoz.
6. Epaimahaia:
Epaimahaiaren burua Autonomiadun Erakundearen Presidente jauna izango da. Bokalak udalbatzaren talde polítiko bakoitzeko ordezkari bat, Serantes Kultur Aretoko teknikari bat eta Jai batzordeko 3 kide izango dira, eta idazkaria Serantes Kultur Aretoa Autonomiadun Erakundearen idazkari eskuordea edo honen ordez jarduten duen pertsona.
Epaimahaiaren erabakiak apelaezinak izango dira.
7. Epaia eta lehiaketaren saria:
Serantes Kultur Aretoa Autonomiadun Erakundeak 1.000,00 euroko saria emango dio Santurtziko 2015eko Karmengo jaiak iragartzeko aukeratu den kartelaren egileari eta 200,00 euroko sari bana accesitetako bi irabazleei.
Epaimahaiaren erabakia ekainaren 12an jakinaraziko da, eguerdiko ordu batean CASA TORRE JAUREGIAn.
8. Azken zehaztapenak:
Aurkeztutako lanen gainean beste hirugarren batek eskubideak izango balitu, lehiakideek beraiek hartu beharko lukete horren erantzukizuna.
Lehiaketan parte hartzeko oinarri hauek guztiak onartu beharra dago.
Serantes Kultur Aretoa Autonomiadun Erakundeak aurkeztutako lanak zainduko ditu bere ardurapean dauden bitartean, baina ez du bere gain hartuko lanok izan litzaketen kalteen erantzukizunik.
Lehiaketako saria hutsik gera liteke.