Abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra, astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, Santurtziko Casa Torre jauregiko Erakusketa Aretoan, Txus Martinen “GALAXIETAKO SINADURAK” izeneko ERAKUSKETA egongo da.
Txus Martin Mungiako Bitxikiak bildumen elkarteko kidea da. Hainbat bilduma egin ditu, hala nola, numismatika, Magic the gatherin, figurak akzioan, antzinako liburuak…; baina horrez gain, harreman handia du STAR WARS unibertsoarekin, sagako aktoreen sinadurak bildu ez ezik, 501 Legioak antolatzen dituen misioetan ere modu aktiboan hartzen baitu parte.
Erakusketan Star Wars zine-sagako pertsonaien rolak jokatu dituzten aktoreen autografoak daude erakusgai, zenbait enpresa egiaztatzailek egiaztatuta. Sinadurak hurrenkera egokian daude jarrita, pertsonaia lehenengoz agertzen denetik hasita. Jatorrizko trilogiaren, aurreko zein ondorengo filmen eta “Solo” eta “Rogue One” film solteen eszenak eta autografoak aurki daitezke.
Erakusketa honetarako Txus Martinek Ricardo Herbosa Santurtziko bildumagilearen laguntza izan du.